Gurutze Anduaga
IRUDITAN

Lehorrean

Eskia. Negu sasoi beteko jarduera. Milaka pertsonarengan desira pizten duen kirol ekintza. Zerura begira jartzeko sasoia, halaber, goialdetik elur malutek mendi gainak noiz (eta zenbat) zurituko dituzten esperoan.

Esperoa da, ordea, eskizale askoren desesperoa aurten. 2019ko hondarrek eta 2020ko hastapen hauek apenas jantzi baitituzte soineko zuriz eskien edo taulen gainean jaitsi ohi diren maldatzarrak.

Eskasa izaten ari da, beraz, eski estazioetako kudeatzaileentzat eta bertaratu ohi diren lagunentzat aurtengo denboraldia. Udazkenean egin zituen elurte bakan haietatik harago, ez da askoz elur zantzu gehiagorik egon eta, beraz, mendietan zuri behar lukeenak berdez tindatuak ditu bazterrak, hainbesteko desira pizten duen eta kasik urrezkoa dirudien ur izoztu horren aurkako kapa iragazgaitz bat soinean jarria izango balu bezala.

Baina baten batek aurkitu du beste alternatibarik, eta bada, gainera, elurra zerutik beste modu batera eror daitekeela pentsatzen duenik ere. Baita metodologia –edo meteorologia– berri bat martxan jarri duenik. Goialdeko irudia joan den otsailaren 15ean hartua izan zen, Superbagneres eski estazioan, Luchonen, frantziar Pirinioetan. Eta lurrak idor badirudi ere, laster zuritu zuten bertako agintariek, lehortearen alternatiba elurra helikoptero bidez zabaltzea izan baita haientzat.