Gurutze Anduaga
IRUDITAN

Arnastea, libre

Martxoaren 25a da lerro hauek idazten ari naizenean. Testu hau apirilaren 5ean argitaratuko da. Oker ez banago, orain amaiezina dirudien konfinamenduaren hirugarren astearen amaieran. Martxoaren 25 honetan, nahi nuke jakin ordurako nola egongo garen, zenbatek jarraitzen duten oraintsu bezala, zenbatek igaro duten gaixoaldia eta zenbatek utzi duten atzean mundu hau. Bai, mundu hau, oraintxe normaletik ezer gutxi duen planeta korapilatsu hau. Korapilatsua izaten ari da astero aldizkari hau argitaratzea ere, gure helburu nagusia pandemiarekin zerikusirik ez duten gaiak eskaintzea izaki.

Baina ezin helburu guztietara iritsi eta, helburuak helburu, gurean ere birusak hartu du gure argazki jario nagusia eta ezin gaia alboratu; nahiz hautatutako argazkiak koronabirusa hondoan duen, bere bitxitasunari heltzea izango dugu gaurkoan helburua. Txinako Wuhan hirian hartutakoa da lerroon gainean dagoen irudia: enpresa bateko langileak bazkalorduan, elkarren artean metroa baino handiagoa den badaezpadako distantzia. Isiltasuna nagusi, hilabete luzez hitzik gabe bizi izan den herrialdean. Automatak dirudite, lerro zuzen eta lauki perfektuan jesarritako langile arimagabeak. Baina agian autodiziplina horrek eraman ditu orain gu biziki kezkatuta gauzkan zomorroari sorbalda gainetik begiratzera. Ez dakit gaur nola gauden, soilik martxoaren 25a dela eta etxean jarraitzen dugula.