GALDER PEREZ
IRITZIA

«Peter plan»

Planak egitea gure afizio gustukoenetakoa bada ere, aurtengo udan ez da horretarako aukera handirik egon, egia esan. Abuztuko azken igande honetan planen gainean hausnartzea tokatzen dela dirudi. Burutu ditugun planak, bertan behera geratutakoak, hautsitakoak, amestutakoak eta betetzeko geratu zaizkigunak. Planak zer diren, gero! Beharbada beteko ez diren asmoak dira, zerbait egiteko zirrara. Askotan, betetzen ez bada ere, ez du axola, irudikatzean eta antolatzean baitago planak egitearen gozamena, esnatuta gaudela amets egitea da planak egitea eta ezin hobeto pasatzea imajinatu bitartean. Plan ederra da planak egitea, bai. Baina esan bezala, uda honetan, kostatu zaigu hori ere, ez burutzeko planak egitea. Balizko plan asko ez ditugu planteatu ere egin. Gure planetetako hondartzek ez dute bandera berdea izan edo gorria ikusi dugu egunero. Olatu erraldoia bazetorrela entzuten genuen bitartean, ezin izan gara olatuekin jolastu, hain justu. Hareazko gazteluak gure babesleku bakar bihurtu behar izan ditugu. Baina hortxe geratu dira, airean, guk desiatutako planak, deseginda.

Gure planen planifikazioa afizioa den bitartean, guretzako planik ez zegoela, ez dagoela eta egongo ez dela sentitu dugu une oro. Badira planak egiteko ardura dutenak. Planifikatzea dute haien eginbeharra. Are gehiago oraindik bizitzen ari garen egoera zail honetan, inoiz baino ezinbestekoagoa baita plan bat edo mila izatea. Ez dago, ordea, osasun planik, ekonomikorik, politikorik, sozialik, kulturalik...

Horrela sentitzen gara azken hilabete luze hauetan, guretzako, jendartearentzako planik ez dagoela, ez baldin bada betikoen poltsikoak betetzen jarraitzeko plana. Krokodiloetara bultzatu gaituztelako irudipena oso hedatuta dago eta inoiz baino ume galduago sentitzen gara. Iraila dator, eta plan berriak sortzeko ordua dela dirudi. Egoera ikusita, Wendyren eskuari helduta hegaz egitea planeatuko dugu, hodeien artean fantasiaren eta errealitatearen arteko mugak hautsiko ditugun arte, horixe baita egia bakarra, fantasia. Gure itzalari hegoak emango dizkiogu, goazen, Sekula Betiko lurraldera iritsi arte hutsartean galtzeko plana egingo dugu.

Egunen batean bueltatuko gara maite dugun etxera. Ezer ez delako betiko, ez Sekula Betiko lurraldea, ezta bizi dugun pandemia ere, ezer ez da betiko. Oraingoan ongi datorkigu, bai, ezer betiko ez dela pentsatzea, sinestea, barneratzea eta horren arabera egitea planak. Ezinbestekoa zaigu tarteka ere maitagarrietan sinestea, Txilintxo inguruan dantzan eta hegaz dugula sentitzea. Badugu horretarako eskubidea eta gogoa. Baina galdutako ume horiek izango bagina lez, planifikazioaren ardura duten horiek krokodiloetara botatzeko gogoa ematen du. Aska ditzagun krokodiloen kateak eta utz diezaiegun bulegoetan libre sartzen, egin diezaietela hozka hainbeste merezi duten ipurdi ganorabako eta eroso horiei. Baina hor dago gakoa, hori baitute plan bakarra: krokodiloen katea haien eskuetan mantentzea, zer eta guri egunero ume bihurrei bezala mehatxu egiteko.