13/09/2020

GALDER PEREZ
Plastilinazko agenda
Errealitate aldakor honetara ohitzeko zailtasunek larritasun etengabea ekartzen digute. Gomendio eta iritzi kontrajarriek ikara baino ez dute eragiten.

Hamahiru egun pasatu dira iraila hasi genuenetik. Ikasle batzuek ikasturte berria hasia dute dagoeneko. Aurten urduritasuna eta ezinegona etxeetan, eskoletan, autobusetan. Zer esanik ez patioetan, toke erraldoi batera jolasteko margotutako eremu bilakatu diren jolastokietan. Lurrean margotuta mugak irudikatu dira, geletako hormetako mapetan bezala, baina jolaserako espazio librea omen den eremua markez betetako espazio bilakatu dira. Beste batzuek bihar ekingo diote abenturari, eta Charlotte de Berry pirata edo Indiana Jones arkeologoa bailiran sentituko dira gaur nabigatzeko eta deskubritzeko izango duten guztia irudikatzen. Eta gainerakoek ondorengo asteotan ekin beharko diote misioari Barbarella edota Kirk bilakatuta, zientzia-fikzioan baino, zientzia azalpenekin galtzen garen errealitate honetan.

Gogoan daukat garai hauetako zirrara, agenda eta karpeta berriak, arkatzak, koadernoak, estutxeak edukitzeak sortzen zigun poza. Tira, oraindik ere gogoko dugu paper dendan osteratxoa egitea, nola ez. Gure garaietan, ordea, ez zegoen egokitzapenik. Hantxe joaten ginen eskola edo ikastolara goizean goizetik, merienda ordua iritsi arte. Baina urte honetan, berriz, denok gaude ume txikiak bagina lez, egokitzapen fase etengabe batean murgilduta. Errealitate aldakor honetara ohitzeko zailtasunek larritasun etengabea ekartzen digute. Gomendio eta iritzi kontrajarriek ikara baino ez dute eragiten. Gauero egokitzapen horretan bizirik dirauena zein ote den galdetzeak esna mantentzen gaitu. Goizero lo antzean jaiki eta ez dakigu bizi dugun hau hautespen naturala ala indartsuenentzako lehia ote den.

Nekatuegi hasi dute askok ikasturtea eta aste bakar batean harri bilakatu da egutegia. Horregatik guztiagatik eta lerro hauetan sartzen ez diren beste hainbeste beldur, paranoia, amets eta gogoengatik, bihar eskolara bueltatuko garela pentsatuko dugu. Aurretik, nola ez, osteratxoa egin dugu paper dendara eta baditugu gure gogoko margoak eta karpetak. Baina, batez ere, ezinbestekoa izango den plastilinazko agenda gorde dugu motxilan. Moldagarria eta koloretsua, biguna eta dibertigarria izango den agenda. Erortzen bagara minik emango ez digun lur bilakatu nahi ditugu ondorengo egunak, aukeraz betetako orduak, jostagarriak, nekaezinak eta dibertigarriak. Eta batez ere, norberak bere esku eta buruaz sortzeko moduko agendak, noraezean eta kontrolik gabeko aginduak beharrean.