Gurutze Anduaga
IRUDITAN

Hariak

Haurtzaroko oroitzapenek uzten duten lorratza nekez ezaba daiteke memoriaren labirintotik. Gero eta zaharrago, gero eta helduago, are eta luzeagoa izan ohi da gogoan gordetako horrek egunotara egin beharreko bidea. Badira, ordea, trantze horretan trabarik aurkitzen ez duten akorduak, haiek ere haurtzaroko memoriari itsatsita biziko balira bezala, garuneko bide estu, luze, malkartsu eta oztopatuetan galtzeko beldurrari ihes eginda.

Haietako bat da globoena –puxikena, zuzenago izateko, baina gorroto dut hitz hori, zintzotasunez esanda–. Ijitoek saltzen zituzten gure herrian, jaien bueltan etortzen ziren ferianteek. Plazaren erdian eseri eta helioz betetako globo sorta itzela izaten zuten buruen gainean, haien gerizpe.

Gutxitan erosten zizkiguten gurasoek, garestiegiak ziren aitzakian, edo aurretik barraka batetik bestera diru gehiegi xahutu genuen ustean. Baina helioz betetako globo haiek erosteak sortzen zuen zirrara berezi bat. Ijito hark hari fin hura eskumuturrean lotzen zizun unea edo, areago, eskuari lotuta zihoan plastikozko panpina puztu hark zuri lotuta zenbat denbora iraungo zuen asmatzearen zirrara. Bai baikenekien, goizago ala beranduago, sokaz aspertuta edo arrisku hari segika, askatuko genuela puxika hura. Gerora ohartu baikara, Sarrionandiaren baimenez, ezetz, eguzkiaren edo ilargiaren errainuak bezalakoak direla, hariak, eta ez zaituztela lotzen, azkenean, ez duzula haririk.