MIREN ARTETXE
LIBURUEN TXOKOA

Neskamearen ipuina

Margaret Atwood. Itz: Zigor Garro • Txalaparta, 2020 • 403 orri • 22 euro

Margaret Atwood kanadarraren “The Handmaid ‘s Tale” liburuaren itzulpena. Zigor Garroren lanari esker, euskaraz ere irakur dezakegu jatorriz 1985ean argitaratutako distopia aztoragarri hau, tirania patriarkaleko mundu batera garamatzana, non emakumeei beren eskubide guztiak kentzen zaizkien eta erregimenak burdinazko eskuz kontrolatzen dituen horien bizitzaren xehetasunik ñimiñoenak ere. AEBetan talde erlijioso batek estatu kolpea jo eta herrialdea Gileadeko Errepublika bihurtu ondorengo gizartean murgilduko gara nobelan. Gizartearen sektore puritanoenak agintea hartzearekin batera, gizona bilakatu da jainko eta, ugalkortasunaren beherakadaren aurrean, sistemaren biziraupena ziurtatzeko emakumeak azpiratu, eta ugalkorrak direnak elitean daudenei haurrak emateko sistema erreproduktibo gotor batera lotuko dituzte. Hori da eleberriaren abiapuntua.

 

Hiruki gatazkatsua •

Marina Sagastizabal • Susa, 2020 • 96 orrialde. 11,40 euro • Zer ondorio ditu gure bizitza kapitalaren arabera antolatzeak? Are gehiago, zer ondorio ditu emakumeentzat beren lanaren herena eta, kasu askotan, erdia musu-truk izateak? Zergatik egiten dute emakumeek lana dohainik? Zergatik dituzte gizonek baino diru sarrera gutxiago, nahiz eta lan handiagoa egin? Zergatik da emakumeen parte hartzea politikan murritzagoa, esporadikoagoa, motzagoa eta gogorragoa? Zergatik hezten dituzte haiek seme-alabak? Emakumeek egiten dutena pribatizatu egiten da edo pribatuki egin beharrekoa emakumeek egiten dute? Zer da zeren ondorio?... Autoreak ez du galdera horiek guztiak erantzuteko asmorik, baina hori da liburu iradokitzaile honen helburua: galderak sorraraztea.

 

Mendiko gaitza •

Idoia Garzes • Elkar, 2020 • 244 orri. 21 euro • Iazko Augustin Zubikarai beka irabazita idatzi du Idoia Garzesek helduentzako bere lehenengo eleberri hau. Nobela beltza da, poliziakoa. Arlet Anaut mendizale amorratua da protagonista eta narratzailea; eta berarekin batera bi pertsonaia nagusi daude: antiheroia eta femme fatal bat. Argumentua: Mendi gailur bateko buzoian aurkitutako txartela hartzen duenean, dena aldrebesten zaio Arlet Anauti: duela urtebete desagertutako mendizalearen heriotzarekin lotuko dute, eta triangelu bitxi batean endredatuta ikusiko du bere burua: alde batean bera, bestean Errementeria ertzain baboa, eta erdian, hari guztiak mugituz, mendizale desagertuaren emazte Maitena, alargun beltz erabatekoa, erakargarri bezain arriskugarria.

 

Egurra S.A. •

Toti Martinez de Lezea. Itz: Miren Arratibel • Erein, 2020 • 344 orri. 20 euro • Euskaraz eta gaztelaniaz (“La editorial”) aldi berean argitaratua, Toti Martinez de Lezearen lan hau bere ohiko eskemetatik aldentzen da, eta intrigazko eleberri bat planteatzen digu. Industria editorialaren miserietan girotuta dago eta bertan intriga, sexua, 36ko gerra, enpresa mundua, ustelkeria politikoa, inbidiak, anbizioak… aurkituko ditugu; baita hildako bat baino gehiago ere. Istorioa argitaletxe baten jabea den Egurra familian gertatzen da. Enpresa oinordekoek kudeatu beharko dute. Eta hor dago arazoa... «Aitonak negozioa muntatzen du, seme-alabek mantentzen dute, eta bilobek pikutara bidaltzen dute», dio Martinez de Lezeak.

 

Suak pizten direnean •

Mikel Soto • Elkar, 2020 • 147 orri. 17 euro • Urteetan editore lanetan aritu ondoren, bere lehen poesia liburua idatzi du Mikel Sotok. Poemario ausart, zintzo eta emankorra, bere bizialdiko hainbat mugarri jorratzen dituena: kontzientzia politikoa piztea, gazte mugimenduan engaiatzea, poliziaren kontrako borroka, gezurretan oinarrituriko atxiloketa, tortura eta epaiketa… «Hau ez da poesia / eta ni ez naiz poeta. / (…) Baina guztiz sinetsita nago / gezur sumarioetatik harago / egin genuena kontatu behar dudala / egin zigutena kontatu behar dudala», irakur dezakegu “Hau ez da poesia” olerkian.