Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea
IRITZIA

Kaiola

Errumaniako zoologiko batean bizi izan da “Ina” izeneko hartza hogei urtez, bertako kaiola batean. Orain, hogei urte pasata, zoologikotik atera dute eta basoan askatu. Zergatik? Auskalo, akaso zaharregia irudituko zaie zoologikoko erakusleiho horretan erakusteko. Kontua da basora eraman dutela, bertan luze eta zabal lasai mugitzeko aukera duela, baina lur zati txiki batean bueltaka eta bueltaka dabil, oraindik kaiolan sartuta balego bezala. Badirudi kaiolan bakarrik dakiela bizitzen.

Kartzelan hogeitaka urte egin zituen lagunarekin akordatu naiz. Herriko plazan paseatzen ikusten nuen aldiro kartzelako patioan irudikatzen nuen; berrogeita bost pauso aurrera, buelta, berrogeita bost pauso atzera, buelta. Plaza osoa eta herri osoa zapaltzeko bertigoa balu bezala, kaiolatik kanpoko lurrari beldur balio bezala. Gizakiak ohituradun animaliak gara. Eta bere espeziekoak ehizatu eta preso hartzen dituen animalia bakarrak ere bagara, tamalez.

Aspaldian, ez ote gaude denok kaiolan? Pandemia sasoian dena da muga eta arau. Non, noiz eta norekin ibili behar dugun agintzen digute errieta tonuan zalantzazko jokabideak dituzten agintariek. Hain da larria egoera, hain gaude beldurtuta, hain gaude estututa, nekatuta eta triste, ahazten ari zaigula kaiolatik kanpo bizitzen. Obeditzen onak garela erakutsi dugu, hori bai. Baina beldur naiz ez ote garen kaiolara ohitzen ari, ez ote digun beldurra emango noizbait kaiolatik ateratzeak.

Adibidez, dagoeneko nahiko normala iruditzen zaigu gure nerabeak eta gazteak gaueko hamarretan zintzo demonio etxean egotea. Eta gure jendarteko nerabe eta gazte gehien-gehienak etxean egoten dira derrigortutako orduan, nahiz eta agintari batzuen helburu nagusi bihurtu den gazteak kriminalizatzea.

Gazteak ez dira saldu nahi diguten bezain okerrak eta agintariak ez dira agertu nahi duten bezain zuzenak. Eta herritarrak ez gara hain tuntunak. Birus txatxu honek gauza asko aldatu ditu, mundua aldrebes jarri du, baina ez erabat. Astindua handia izanagatik, boterearen besaulkietan eserita zeudenek hortxe segitzen dute, eserita eta beren pribilegioei eutsita.

Aurrekoan sare sozialetan irakurri nion ama bati nola errieta egin zion 18 urteko alabari gaueko ordu txikiak arte telefonoarekin hizketan eta telesailak ikusten aritzen zelako. Ez kexatzeko erantzun omen zion alabak, asteburuero parrandan, larrutan eta ondo pasatzen egon beharko lukeela ordu txikiak arte, eta baita amarekin errietan ere, 18 dituela gogoraraziz. Grazia egin zidan alabaren ateraldiak eta arrazoia duela pentsatu nuen.

Espero dut hau dena bukatzen denerako ez zaigula erabat ahaztuko kaiolatik kanpo ibiltzen. Espero dut.