Amaia Uribe
IRITZIA

Norberekoikeria

Noiz hasi ginen horren geurekoiak izaten? Noiztik begiratzen diogu gure zilborrari bakarrik? Non galdu dugu enpatia? Zergatik ahaztu dugu zer den eskuzabaltasuna?

Lehengo batean semearekin Bilbora joan nintzen. Gosea sartu zitzaion eta taberna jakin batera joan nahi izan zuen, pintxo jakin bat nahi zuelako. Joan ginen eta jendez gainezka zegoen. Mahai huts bat aurkitu genuen baina aulkirik ez. Ondoko mahaikoek, poltsa eta jaka zeuzkaten aulkian jarrita, eta umea eser zedin aulkia libre al zegoen galdetu nien. Emakumeak erantzun zidan: “Ez duzu ikusten jaka eta poltsa dauzkadala?” Zur eta lur geratu nintzen. Emakumea ez zen gai izan, bere gauzak kentzeko 7 urteko umeari aulkia uzteko.

Esango nuke, duela urte batzuk ez ginela horren geurekoiak. Auzolana izan da beti euskaldunon ezaugarrietako bat. Gogoan dut, txikitan, baserrian txerria hiltzen zutenean auzokide guztiak joaten zirela laguntzera. Nerabezaroan, herriko jaietan beti tokatzen zitzaigun txosnako turnoren bat egitea. Eta pozik egiten genuen hori guztia.

Ezberdintasun handia dago hirietatik herrietara. Baserrietan, oraindik gordetzen dute laguntzeko ohitura hori. Duela aste batzuk elkarrizketa bat egitera joan behar izan nuen Arrasatera. GPSa nahastu egin zen eta mendiko bide batetik eraman ninduen. Kotxea lokatzetan trabatuta geratu zitzaidan eta kamera- lankideak etorri ziren laguntzera. Hiruron artean kotxea ateratzeko gai ez ginela-eta, ondoko baserriko gizonari eskatu genion laguntza. Egiten ari zena utzi eta hortxe etorri zen Jose Luis, katiuska eta guzti, kotxeari bultza egitera. Hori ere ez zen nahikoa izan, eta ‘ran rober’ bat zeukan beste baserritarrarengana jo genuen laguntza eske. Segituan etorri zen Miren, Eñaut bere semearekin. Ez zidan ezer leporatu. Ez zen etorri beharraz kexatu. Nire kotxea bere ‘ran rober’-era lotu eta, tiraka, lokatzetatik ateratzea lortu genuen. Trukean ezer jaso gabe, ezezagun bati laguntzera etorri ziren hiru arrasatearrak. Aulki batetik poltsa eta jaka kentzea baino askoz gehiago eskatu genien. Baina komentario desatseginik eta aurpegi txarrik ipini barik, asmo onez etorri ziren laguntzera eta, hau irakurtzen ari badira, bihotzez eskertzen diet egin zutena.

Pentsatu nahi dut Jose Luis, Miren eta Eñaut bezalako pertsonak gehiengoa direla munduan. Pentsatu nahi dut Bilboko tabernako emakume bordea salbuespena dela. Baina tamalez, gero eta berekoiago eta bakartiago ikusten dut gizartea.