Hetero

Literaturaren genero andana landu du Uxue Alberdi Estibaritzek (Elgoibar, 1984) “Aulki bat elurretan” (2007) nobela osatzeko Igartza saria jaso zuenetik: haur eta gazte literatura, eleberria (“Jenisjoplin”, 2017), saiakera (“Kontrako eztarritik”, 2019), kronika (“Dendaostekoak”, 2020), komiki gidoigintza (“Surfista”, 2023) eta narratiba (“Euli-giro”, 2013; “Aulki-joko”, 2009). Azken alderdi horri heldu dio berriz, oraingoan zortzi ipuin biltzen dituen lanean. Aurreko guzietatik ere badu honek nolabait, Alberdiren unibertsotik alegia, baina “Kontrako eztarritik”-ez geroztiko atrebimenduaz blaitu du “Hetero” (Susa).
Grekeraz, “hetero” hitzak “bertzea, bertzelakoa, ezberdina” erran nahi duen kontzeptua da. Orain bihurtu dugu arau eta normalitatearen oinordeko. Liburua osatzen duten narrazioek, hain justuki, bi adiera kontrajarri horiek jartzen dituzte parez pare. Hasierako etimologia horri helduz, bertzearen eraginez mintzo zaizkigu, batzuetan zeharka, bertzeetan zuzenago (elkarrizketa bidez Kubarako bidaia eta han emakumeekiko euskaldunek izan zuten jarreraz mintzo zaigunekoa, adibidez).
Forma ezberdinetako narrazioak dira, erritmo ezberdinekoak. Forma klasikoagoak, elkarrizketak edota ipuin baten hezurdura baino ez, zeinaren bidez erakutsiko digun zein hitz gutti behar den istorio bat kontatzeko; eta, aldi berean, idazlearen jardunera begira jarriko gaitu baita idazle-editorearen arteko harremanera ere edota honekin antzekotasun biziak dituen ikerlari-tesi zuzendariaren arteko hartu-emanera. Baina iritsiko gara ere 70-80-90eko hamarkadetako Euskal Herrira, klase kontzientziara (garbitzailearen kasuan ageri-agerikoa delarik), koxkortzen doan neska baten bidez bat etorriko ez den lehenbiziko maitemintze ez arautura edota lagunen arteko ahizpatasunera. Bikote heterosexual ezberdinen elkarbizitzaren bidez, errutina, desira eta jeloskorkeriaz edota aita-alaba harremanez mintzo zaigun moduan, mintzo zaigu ere arlo profesionaletan gertatzen den sexu jazarpenaz.
Protagonista guziak adin eta kondizio ezberdinetako emakumeak izanik (protagonista ez direnean ere, haien bigarren mailako papera da agerian jartzen dena), haien begiradapean bertzea den horren, alegia, gizon heteroa den horren, jarduteak sortzen dien beldur edota mina: jeloskortasuna, zalantza, lotsa, ezinegona, bortxa. Aldi berean, azaleratzen digu normaldurik bizi dugun eta heteroarau deritzogun injustizia epistemikoa. Eta Alberdiren bertuteetako bat da, preseski, egunerokotasunak hautemanezin bihurtzen dituen egoera horiek errealitatean doi-doi identifikatzea eta seinalatzea.

«Saltsa Nostra», falta pan para tanta salsa

Por una actitud más saludable en Navidad

Paula Ostiz e Imanol Etxarri, una simbiosis de éxito mundial

Mirando a los ojos del pueblo saharaui
