Indar saio baten egitura

Indar entrenamendua lantzen dugun orok ondo ikasiak ditugu saio baten oinarrizko hiru atalak: berotzea, atal nagusia eta lasaitasunera itzultzea. Gaurko artikuluan atal horiek gehiago sakontzeaz arituko gara. Hasteko, aipatu beharra dago indarra lantzeko saio guztiek ez dutela egitura berbera izan behar, hau helburu orokorraren eta saioaren fokuaren araberakoa baita.
Beroketa: Hitzak berak esaten duen bezala, atal honetan helburua ondorengo “atal nagusia” fisikoki zein psikologikoki prestatzea da. Ariketa bera pisu gutxiagorekin egitea eta errepikapen asko egitea baino zerbait gehiago bilatuko dugu. Lehendabizi, gorputzeko faszia estimulatuko dugu, bertan topa ditzakegun atxikidurak eta “gatillo puntuak” askatzeko eta giharraren tentsioak gutxitzeko. Jarraian, saioaren fokura zein norberaren ahulezietara zuzendutako artikulazioen mugikortasun graduak (Range Of Motion, ROM) landuko ditugu. Horren ondoren, gorputz enborreko (CORE) giharren aktibazioa bilatuko dugu, eta amaitzeko, potentzia (abiadura altuko indar lana) eta gerturatze serieekin (eguneko fokuaren kargetara gerturatzea) prestaketa lan hori amaituko dugu. Eta, bai, beroketa egoki bat egitea ezinbestekoa da eguneko entrenamenduari ahalik eta etekin handiena ateratzeko.
Atal nagusia: Eguneko entrenamenduaren funtsa da. Atal hau ariketa multzoez osatuta dago, eta multzo horiek serie kopuru batez errepikatu ohi dira. Aldi berean, multzo bakoitzeko ariketak garrantziaren arabera antolatzen dira, ariketa nagusiei protagonismo handiagoa emanez eta ariketa lagungarriek ariketa nagusi hori babestuz.
Lasaitasunera itzultzea: Entrenatzen dugun jende askok atal hau ahaztu ohi duen arren, gure lan dinamikan sartzea gustuko dugu. Bertan, atal nagusiko intentsitate altuei aurre egiteko sistema parasinpatikoa estimulatzen duten ariketak proposatzen ditugu, hala nola arnasketak, CORE ariketak, luzaketa pasibo zein dinamikoak eta intentsitate baxuko lan aerobikoa.
Labur azaldu ditugun arren, indar saio bat egituratzeko irizpide hauek baliagarri izatea espero dut, eta ez ahaztu, eguneko saioari etekina ateratzea dela helburu garrantzitsuena.



