Denbora, espazioa eta koloreak
Uda iristearekin batera, kanpoko espazioetara jotzeko joera areagotzen da, neguko lozorrotik irteterakoan. Hondartzara, mendira edo igerilekura joan gaitezke, baina kalean bertan ditugun lorategiei erreparatzea ere ezinbesteko ariketa da, Piet Oudolfen proiektuez gozatzeko, adibidez.

Lorategiak produktibitate, plazer nahiz birsorkuntza lekuak izan daitezke. Erdi Aroko hortus conclusus-etik hasi eta arkitektura islamiarreko patio lorategietara arteko historia kulturala dute, identitateak, ikuspegiak eta ametsak adierazten dituztela. Azken urteotan, klima aldaketaren mehatxuaz eta bioaniztasunaren ahitzeaz jabetu ahala, lorategiek berpizkunde nabaria izan dute. Horren lekuko dira Piet Oudolf herbeheretarraren lorategiak ere.
Paisajistaren filosofia landareen edertasunarekiko estimazio sakonean oinarritzen da, haien fase guztiak miretsiz, ziklo naturalaren poesia azaleratuz; ez bakarrik loratzen direnean, baita zimeltzen, lehortzen edo hiltzen direnean ere. Lorategiek ez dute perfekzio formala bilatu nahi, baizik eta istorioak kontatu nahi dituzte denboraren poderioz aldatzen doazen ehundura, forma eta koloreen bitartez. Oudolfek landare iraunkorrak eta bertako espezieak erabiltzearen aldeko apustua egiten du, urtaro guztietara egokitzen diren paisaia aldakorrak sortuz. Lehen begiratuan konposizioek desordenatuak diruditen arren, arreta handiz egituratuta daude, ordena naturala islatzeko, ea espezie bakoitzak bere papera du ekosistemaren barruan.



Aitzindaria da Oudolf 1980ko hamarkadaren amaieran ohiko praktikak zalantzan jartzen hasi ziren lorategi diseinatzaileen belaunaldian. Lorezaintza paisajistiko tradizionala neketsua eta baliabideen kontsumitzailea aurkitzen du, eta horren ordez landare iraunkorrak, askotan birsortzaileak, zuhaixkak, larreak eta basa-loreak erabiltzen ditu, luzaroan lorategian baztertuak izan direnak, eta horrela landaketen ohiko diseinuetatik aldendu zen. Haren hitzetan, lorategia ez da apaingarri estatiko bat, baizik eta bizirik dagoen artelana, bizitzaren eta denboraren iragatean etengabe hazten, desagertzen eta berpizten den prozesua. Azken urteotan haren diseinuak ikusi ahal izan dira Veneziako Bienaletan zein Londreseko Serpentine Gallery-etan, eta zer esanik ez, New Yorkeko High Line proiektuan.
Weil am Rhein hiriko Vitra Campusean -Basileatik gertu- topa dezakegu 2020an hasi zuen lorategia. Hark esperientzia berria eta aldakorra eskaintzen die bisitariei. Horrelako lorategiek antolamendua eskatzen dute, egutegi zehatza eta baita landaketa-eskema bat ere. Oudolfen kasuan, azken horiek artelanak dirudite, lanabes hutsak izatetik harago doaz. Marrazkietako marra eta kolore orban bakoitzak paisaiarekiko sentsibilitatea islatzen du, non landare bakoitzak funtzio estetikoa, ekologikoa eta emozionala duen. Esperientzien mapak dira, diseinu sinpleak baino gehiago.

Lorategiak eraikinen ikuspegia osatzen du, haien oihal horizontala legez, zorua biziki margotzen du paisajistaren konposizioak eta perspektiba berriak ematen dizkie. Bisitaria bidezidor bihurretan barrena galtzea da helburua, topaketa hori emozionala bezain estetikoa izan dadin.
Mosaiko koloretsua eratzeko, 30.000 landare inguru erabili dira, besteak beste, Persicaria amplexicaul Alba, Echinacea pallida, edota Molinia caerulea. Oudolfek urte osoan zehar landareek dituzten ezaugarriei erreparatzen die, eta horien edertasuna islatzea du helburu; esaterako, udaberrian loratzen den landare batek azaroan eskeleto erakargarria izan dezake, eta ohikoak ez diren beste konposizio batzuetan interesa bilatzen du. Benetan axola duena landarearen izaera da, loratu ondoren geratzen denak lorategia interesgarri egiten baitu, eta bere lana horretan oinarritzen da batez ere.
Oudolfen lorategiek lorezaintza konbentzionala gainditzen dute, denboraren igarotzean oinarritzen diren paisaia emozionalak sortuz. Bere ikuspegia artearen, ekologiaren eta diseinuaren arteko nahasketa baten ondorioa da, eta, ordena ezarri baino gehiago, haren lorategiek arreta handiz eraikitako oreka naturala erakusten dute; landare bakoitzak izaera eta erritmoa ematen dio multzoari. Oudolfen lanak naturaren eta eraikitako espazioaren arteko harremana birdefinitzen du, eta, arkitekturarekin elkar eragiteaz gain, osatu eta leundu egiten dute, harmonian dauden inguruneak sortuz.
Navidades invertidas

«Ser los más salvajes tiene su belleza, y yo ahí me siento muy cómodo, porque es coherente con lo que pienso, digo y hago»

Mantala jantzi, ondarea gal ez dadin

El mercado de Santo Domingo, a debate
