Austeritateaz
S. apurgarria,
Noiz izan zen EHZ? Noiz amaitu ziren sanferminak? Inoiz baino gizaberetxoagoa zara. Ahantzi duzu oporretan egon zarela, ez duzu gogoratu nahi nora itzuli behar duzun. Adierazpen askatasuna esan litekeena soilik espresatzea dela gaztigatu diote Ane Lindaneri, BBK Live batekin zenbat Bira egin daitezkeen kalkulatu duzu, ziaboga hartzeko ordua dela ohartarazten dizute estropadek, beroagatik kexatzen dira batzuk, epelagatik beste asko, laster hauteskundeak izango direla diote bezperako eguraldia iragartzen espezialistek, aurten ere herriko festa guztiak ez dira jai herrikoiak izaten ari eta zuk, ezinbestean, uda beteko egunkari hutsak nork irakurtzen dituen galdetu nahi zenuke. Iazko uztailaren hondarrean zenuen bihotzaldiarekin konektatzen ahalegindu zara, hurrengo urtean izango dituzun poz eta kezkak irudikatzen eta, igerilekuan murgildu ahala, urtero bezala uztailaren amaierak agorrilaren hasierarekin bat egingo zuela kontatu zuen irrati esatariaren ardozko boza entzun duzu zure baitatik zutabe batzuk edonoiz leitu daitezkeela aldarrikatzen.
Ahanzten duzu berrindartzen zaren bakoitzean beste norbait dagoela haustear, erortzen zarenero jaikitzen dela inor, zuretzat eguna denean gaua dela beste askorentzat, ez dagoela ospitalera joan beharrik erditze baten denboran beste bihotz batek azken taupada ematen duela konprobatzeko. Aurrera begiratu nahi zenuke, iragana baizik ez duzu ikusten. Dena dela posible sentitzen duzu eta, aldi berean, ezin duzula ezer egin. Munduaren amaiera imajinatzeko gai zara, ez ordea kapitalismoaren azkena. Askotan sumatzen duzu zintzurrean gora bizitza hau hobea izan zitekeelako sentipena. Konformatzen ikasi behar zenuke, zure balizko arazo bakoitza merkatu bat dela oroitu, udako kantuari ihes egin, Sofia Coppolaren “Lost in Translation” berrikusi, lagun minekin ogitartekoa afaldu, oraindik ez dela etxerako ordua elkar konbentzitu eta, batez ere, entzun, isiltasuna labana bihurtzeko beldurrik gabe.
Nahikoa da zauriak eguzkitan lehortzen uztea ez duzula urpean arnasten ikasi nahi jabetzeko. Ez dakizu noiz izan zen EHZ, noiz amaitu ziren sanferminak, non egon zinen oporretan, nora itzuli beharko duzun, zergatik sentitzen zaren sekula baino gizaberetxoago baina badakizu aurten ere uztailaren bukaerak agorrilaren hasmenta ekarriko duela. Hori ere bada gutxirekin bizitzea.



