Nekane Azpiazu Lejardi
ARKITEKTURA

Landareen adimena

Veneziako Arkitektura Bienalaren 19. edizioak, 2025eko maiatzaren 10etik azaroaren 23ra bitarte egingo denak, arkitekturak adimen naturala, kolektiboa eta artifiziala nola aprobetxa dezakeen aztertzen du, klima aldaketari eta hiri eraldaketari aurre egiteko. Ikas dezagun landareetatik.

Bisitariek «Biosferak eraikitzen» izeneko Belgikako pabiloia bisitatzen dute, Flandriako Arkitektura Institutuak enkargatua eta Bas Smets eta Stefano Mancusok komisariatua.
Bisitariek «Biosferak eraikitzen» izeneko Belgikako pabiloia bisitatzen dute, Flandriako Arkitektura Institutuak enkargatua eta Bas Smets eta Stefano Mancusok komisariatua. (Giuseppe Cottini | Getty)

Veneziako lorategietan, arkitektura aniztasun globala erakusten duten pabiloien artean zaharrena Belgikako Pabiloia da, 1907. urtean irekia. Mende bat baino gehiagoz pentsamenduaren bilakaeraren lekukoa izan da, hala nola eraikuntza tradizioa, hiri utopiak eta esperimentazio materiala. Aurten, 2025eko Arkitektura Biurtekoan, pabiloia berriro berrasmatu dute ‘Building Biospheres’ proiektuarekin, hots, Bas Smets paisaia arkitektoaren eta Stefano Mancuso neurobiologoaren proposamenarekin.

Abiapuntua iraultzailea da, izan ere, landareen adimen naturala ulertzearen aldeko aldarrikapena egiten dute, arkitektura ulertzeko eta eraikitzeko moduan eraldatzailea izan daitekeelako. Krisi klimatikoak ingurune eraikian eragin gero eta handiagoa du, eta, horregatik, arkitekturaren eta naturaren arteko harremana gertutik behatzea komeni da. Eraikinen eta landareen arteko aliantza berriak bilatu behar dira, azken horiek ingurunea norabide positiboan eralda dezaten. Landaredia ez da apaingarri hutsa, klima erregulatzeko sistemen parte da. Espazioak freskatzen ditu, hezetasuna erregulatzen du, oxigenoa sortzen dute, airea garbitzen dute eta karbono dioxidoa harrapatzen dute. Eraikin bakoitza ekosistema propio bat bihurtu daiteke.

Landareek bizirik irauteko gaitasuna daukate, haien ingurunea zehatz aztertu eta, ondoren, horretan eragin dezaketelako. Horri jarraituz, mundu naturalaren logika hirietara eraman daiteke, eta hori aztertzen dihardute Mancusok eta Smetsek azken hamar urteotan. Elkarlan horren emaitza den pabiloiak prototipo biologiko gisa funtzionatzen du. 200 landaretik gora daude erdiko gela nagusian, sabaiko leiho adierazgarriaren azpian. Instalaziorako hautatu diren espezieek modu aktiboan eragiten dute ingurunearekin, landareentzat zein bisitarientzat mesedegarriak diren mikroklimak sortuz. Arkitekturaren giroa organismo biziekin batera sortzen da, eta esperientzia sentsorialean murgiltzen da bisitaria.

Atzeko gelan, proposamena teknologikoa. Sentsore sistema batek datuak denbora errealean biltzen ditu -giroaren tenperatura, hezetasuna-, eta horiek jendearentzat ikusgarri egiten dira, landareek barneko klima nola kudeatzen duten erakusteko. Alboko aretoetan arkitekto belgikarren belaunaldi berriek adimen natural horren etorkizuneko aplikazioak aztertzen dituzte, hirietan berdea txertatzeaz harago doazen ideiak partekatuz: birsortzen diren azpiegiturak, ekosistema egokitzaile gisa sortutako hiri espazioak, eta abar.

Bureau Bas Smets

«ADIMEN KOLEKTIBOA»

Proiektuak ez du teknologia gehitua duen erakusketa estetikoa izan nahi, baizik eta sistema hibridoa, non biologia funtzionamenduaren funtsa den. Sentsoreak eta adimen artifizialak landareei laguntzen diete, eta, era berean, horiek espazioaren baldintzak zehazten dituzte. Landareei mesede egiten dienak -hazkundea, fotosintesia, hezetasun egokia- pertsonentzat giro osasungarriagoa sortzen du. Egileek landareen, gizakien eta arkitekturaren arteko ‘adimen kolektibo’ gisa deskribatzen dute, eta sistema bizietatik ikastera gonbidatzen dute bisitaria, irtenbide iraunkorrak eta erresilienteak lortzeko.

Klima aldaketaren eta urbanizazio azkarraren garai honetan ‘Building Biospheres’ proiektuak paradigma aldaketa planteatzen du. Arkitektura objektu estatiko gisa ulertu ordez, sistema bizi eta ebolutibo bezala ulertzera eramaten du. Hau da, espazioen plangintzan eta funtzionamenduan eragile aktibo gisa txertatzera.

Ikuspegi berri horrek, ingurumen larrialdiei erantzuteaz gain, esparru etiko berria mahai gainean ezartzen du: elkarrekin bizitzeko diseinatzea, elkar menderatu ordez. Beti hor egon denari begi berriekin begiratzera bultzatzen gaitu, naturala eta artifiziala aurrez aurre ez daudela gogorarazteko.

Belgikako pabiloia ez da bereizten berehalako erantzuna eskaintzeagatik, baizik eta hausnarketa sakona partekatzeagatik.

Landareek milioika urtez konpondu izan badute ingurunearekin orekan bizitzeko arazoa, ez al litzateke komenigarria izango haietatik ikastea? Horixe espero behar genuke arkitekturatik, bitarteko klimak diseinatzea, organismo bizidunek batera elkar bizi ahal izateko.