Hiriaz, baserriaz, barne munduaz

Leturiaren eskutik eraman zuen euskal literatura landa eremutik hirigunera 1957an Txillardegik. Geroago etorriko ziren bide beretik Urretabizkaia edota Saizarbitoria, eta bertako fikzioak hiritarturik jarraitu du, salbuespenez salbuespen, orain arte. Azken hamarkadan, baina, landa eremurako halako itzulera bat eman dela igarri daiteke. Ageriagoa dena zenbait kasutan. Kapitalismoak eta modernitateak sortu dituzten harri-kartoizko hiri azkar eta iragankorretan geure burua -indibiduala zein kolektiboa- aurkitzeko ezintasunaren sintoma? Euskal Hiriaren akaberaren zantzuen aurrean gaude akaso? Landara buelta horretan kokatzen ahal dugu, hain zuzen, orain guti argitaraturiko “Ehun zaldi trostan” (Elkar, 2025) liburua, Ainhoa Urien Telletxeren (Abadiño, 1995) lehen ipuin liburua. Bere hautua argia da, gainera, eta hasieratik bertatik aitortzen digu, zazpi istorio independenteen arteko lotura eta zubi izanen den Irene protagonistaren eskutik, hiriaren eta baserriaren arteko koskan dabilzkiola zaldiak trostan: «Duela urte batzuk arte errazagoa zen, berak oraindik hanka bana zuenean leku bakoitzean. Oraindik hankak banatuta dituela bizi da, baina gorputzaren pisua nabarmen erortzen da baten gainera».
Mundu bi arras ezberdin horien arteko bidean eginen dute topo bizitzan galdurik den Irenerekin bertze pertsonaia batzuek, guti-asko deserroturik bizi direnak. «Latza, deserrotze bat beti delako latza». Hala nola harrera etxeetarik etxe dabilen Iban gaztea, Carlos albaitari perutarra edo bizitzaz nekaturik den Klara amama zaharra… Horiei guziei esker ere iritsiko gara Ireneren barne mundu zabal eta gatazkatsura. Eta hemen agertuko zaizkigu bakardadea, depresioa, eskizofrenia, etsipena, beldurra edo zaurgarritasuna; baita pertsonen arteko erlazioek sorturiko sumisioa, libertatea edota erantzukizuna ere. Hala, hasieran aipaturiko Txillardegiren eta Urretabizkaiaren eszenatokietatik urruntzen bada ere -ez guziz-, lehenengoaren existentzialismoa eta bigarrengoaren emakumearen begirada gordeko ditu nolabait Urien Telletxek. Baina, ikusmenaz harago, min fisikoa eta ezinegon psikologikoa bertze zentzumenen bidez ere helaraziko dizkigu egileak. Hildako animalien kiratsa edo urtaroz urtaro aldatuz doan baserria usaintzen ahal dugun moduan, entzuten dugu mahai burrunbatsu baten bueltan den emakume baten txikitasunaren isiltasuna. Finean, «esaten dute hiru gai benetan garrantzitsu baino ez daudela: maitasuna, bizitza eta heriotza. Nik beti uste izan dut gai beraren hiru adar direla». Hirian ala baserrian, horiek non batzen -eta bilatzen- diren da hemen kontua.
Navidades invertidas

«Ser los más salvajes tiene su belleza, y yo ahí me siento muy cómodo, porque es coherente con lo que pienso, digo y hago»

Mantala jantzi, ondarea gal ez dadin

La mercantilización de la menopausia
