Akabo

Akabo. Erabakia hartu du Sheenak eta, bi urteko harremanaren ostean, zaldi bat akabatzeko moduko pentorbital dosia jarri dio Manuri baratxuri-zopan. Bizkaiko Maruri udalerriko barrutian galdurik den baserriko izozkailu handian sartu behar izan du gorpua Sheenak. Hala egin du erailketaren aztarna oro ezabatu eta harekin zer egin erabaki bitartean ustel ez dadin. Horrela, bakarra den kontakizuna bi noranzko ezberdinetan aldizkatuko zaigu Laura Mintegi Lakarraren (Lizarra, 1955) “Akabo” (Txalaparta, 2025) eleberrian.
Batetik, adi-adi ibiliko gara zorigaiztoko amaiera horren ostean Sheenak emanen dituen urratsetan eta antzemana izan ez dadin egin beharrekoen check list batek gidatuko gaitu, Manuren auzokideen, lagunen eta senideen galdera eta susmoetatik ihes egin beharko duelarik. Eta, bertzetik, emakumeak hartu duen erabaki transzendental hura hartu izanaren arrazoiak jakin nahiko ditugu. Horretarako, bikotea nola egin eta desegiten hasten den ikusiko dugu Oxford, Bartzelona eta Bizkai artean, behinola Sheena hizkuntzalari eta ikerlari eskoziarrak eta Manu ingeniari informatikoak topo egin zutenetik. Hain zuzen ere, bien ogibide eta interes bi horien arteko talka izanen da pertsonaien joan-etorriek atzean ezkutatzen duten bertze planoa. Bertzera erratearren, nobelaren oinarri politikoa osatzen duena, komunikazioaz gain, funtsean, gizakiongan aurkitzen ahal dugun munduari aurre egiteko bi ikuspegi arras ezberdinen arteko borroka da: Manuren zero-eta-bat-aren arrazoimen mekaniko zuri-beltza, alde batean, eta Sheenarena bertzean, gauzen osotasuna, konplexutasuna eta aniztasuna kontuan hartuko dituena. Berdin azalduko digutelarik hizkuntzen arteko harremana -diglosia-, gizakien artekoa edota gizon-emakumeen artekoa. Hau da, zapalduen eta zapaltzaileen artekoa, botere nahiak gidaturikoa, bortxazkoa.
Egoera larriak eta krimen elementu gordinak biltzen dituen thriller psikologiko honekin hautsi du Laura Mintegik 19 urteko isiltasun literarioa. Orduan argitaraturiko “Ecce homo” (Txalaparta, 2005) eta “Sisifo maite minez” (Txalaparta, 2001) eleberrietan ireki zuen bidean sakondu du berriz ere. Hain gustuko duen psikoanalisiaren bidez eta berezkoa duen entzute gaitasun eta enpatiari esker ondu du bi protagonista nagusien barne-mundu oso bat eta haren peskizan jarri gaitu hasieratik bertatik harrapatzen gaituen kontakizun batean. Tentsio literarioa eta sakontasun kritikoa uztartuz, plazera da Mintegiren ahotsa berriz entzutea: narratzaile gisa ez ezik, gure garaiko kontraesan eta botere-harremanen lekuko gisa ere bai.
Navidades invertidas

«Ser los más salvajes tiene su belleza, y yo ahí me siento muy cómodo, porque es coherente con lo que pienso, digo y hago»

Mantala jantzi, ondarea gal ez dadin

La mercantilización de la menopausia
