Jon Jimenez
LITERATURA

Ni nintzen (ere) hizkuntzalari

Jose Luis Alvarez Enparantza “Txillardegi”-ri (Donostia, 1929-2012) buruz hagitz erran eta gutiago idatzi da azken hamarkadetan. Ekintzailea oroz gain, idazlea, ingeniaria, pentsalaria, filosofoa, matematikaria… euskaltzale eta abertzalea izan da Txillardegi. Hizkuntzalaria ere, zenbaitzuek hala izendatu nahi ez badute ere. Hain zuzen bere alde ezezagun bezain konplexu horri atxiki zaio Saiakera Euskadi Saria jaso berri duen “Txillardegi hizkuntzalari” (Elkar, 2024) Markos Zapiainen (Irun, 1963) liburua. Lasai, baina, Zapiainek dena, baita, kasu honetan bezala, hizkuntzalaritza edo matematikaren filosofia ere, bihurtzen du ulerterraz eta erakargarri. Institutuan denok -izan- nahiko genukeen irakaslea da bera. Eta hortik sortzen zaio Zapiaini, hain zuzen, liburu honen beharra. Azken urteotan, Bigarren Hezkuntzako curriculumetan hainbat zirrikitu ttiki ireki baitira: emakume gehiagoren ekarpenak sartu dira irakasgaietan eta euskal pentsalarientzat ateak ireki dira. Hor aurkitzen ahal dugu, adibidez, Txillardegi bera eta hark euskarari eta pentsamenduari oro har egin zion ekarpena. Euskararen salbazioa helburu, Alvarez Enparantzaren jarduna poliedrikoa izan zen oso. Mugarriz mugarri, diziplina batetik bertzera ibili zen; erortzean edozein helduleku baita on. Oharkabean eramanen gaitu obrak Txillardegik erabili zituen hizkuntzen eta kulturen inguruko teoria ezberdinetatik -erlatibismo linguistikoa, estrukturalismoa, soziolinguistika matematikoa…- euskararen arazo konkretuetara: etorkinen afera gatazkatsura, erdaldunekin harremanetara, batuaren eta euskal estatuaren sorrerara… Finean, 60-70eko hamarkadetako Euskal Herriko belaunaldi oso batentzat euskarri filosofikoak eta eztabaida garratzak izan ziren horiek bisitatzen ahal ditugu berriz, Zapiainek ohikoa duen ironia finaren eta Antiguako pentsalariari dion miresmenaren arteko estiloan emanak. Txillardegi militante politikoaren zantzuak badira orriotan, baina bere engaiamenduaren oinarri eta testuinguru intelektuala, hots, bere pentsamendu guzia ardaztu zuen euskararen inguruko ikuskeraren sustraiak aurkituko ditugu behinik behin. Eta, horiekin batera, bere sakontasun psikologikoa arakatzeko saiakera bat ere -bikaina da beti Zapiain hurbilpen horietan-. Garai hartan bezala, gaur ere euskararen salbazioa dilindan daukagunean, gure hizkuntzaren alde egin zuenagatik liburutegi bat eta enparantza bat merezi ditu Txillardegik, ezbairik gabe. Baina harekin dugun zorrik handiena bere pentsamenduaren balioespena eta transmisioa dira. Eta horretan asmatzen du bete-betean liburu honek: Txillardegi ere etorkizuna da.