Aldaketak
Kafe bat hartzen egon naiz lagun batekin eta esan dit izututa dagoela lan berri batean hasiko delako. Soldata hobea izango du, baldintza hobeak ere bai baina, hala eta guztiz ere, beldurra ematen dio aldaketak, eta sentsazio hori sarritan ikusi dut inguruan.
Aldaketa handiak egin ditut bizitzan. Telebistako inguru ezagunetik irratiko eremu ezezagunera salto egin nuen. Gernikako gozotasunetik New Yorkeko handitasunera igaro nintzen. Eta Estatu Batuak “kontrolatzen” nituenean, berriro zerotik hasi behar izan nuen etxean. Aldaketa horietako bakoitzak urduritasuna eragin zidan, baina geroz eta argiago daukat aldaketak onerako direla. Beti leku berean egoteak ez digu hazten uzten. Beti berdina egiteak aspertzea dakar. Beti betikoa bizitzeak mugatu egiten gaitu.
Uste dut generazionala ere badela kontu hau. Gure aurreko belaunaldiek egonkortasunaren onurak saldu dizkigute. «Lan finkoa aurkitu». Eta zenbat jende ezagutzen duzue bere lana gorroto duelako amorratuta bizi dena? «Ezkondu betirako». Bikote harremanak ez dira errazak eta, are gutxiago, presio hori gainean jarrita. «Etxe bat erosi betirako». Ziur zuen gurasoen edo aitona-amonen etxean egur sendoz egindako altzariak daudela, dirutza ordaintzen baitzuten altzari horiek betirako irauteko.
Gazteak, ordea, libreago nabaritzen ditut. Duela bi urte gure enpresan sartu ziren lankideek sarri esaten dute gehiago kobratzen duten toki batera joango liratekeela. Bilbotik Donostiara joaten dira bizitzera edo aldrebes, esperientzia berriak bizitzeko. Bizitza osoan bikotekide bera izatearena, estralurtarren kontua iruditzen zaie. Eta Ikeako altzariak jartzen dituzte etxeetan, bost urtera beste mota bateko dekorazioa nahiko dutelako. Ez dakit hobea edo txarragoa den jarrera hau. Baina argi daukat gizartea bera etengabe eraldatzen ari dela eta horretara egokitu beharra daukagula.
Nire lagunari esan diot lasai egoteko. Aldaketak gogorrak izan arren, onerako izaten direla. Atera kontuak, ni neu ere aldaketa handi baten atarian nago. Hilabete batzuk barru etxez eta herriz aldatuko naiz. Eta 2026ak beste aldaketa handiren bat ekartzen badit, pozarren hartuko dut!

«Itxaropentsu nago herri honek borrokarako grina daukalako»

Un «time-lapse» por seis décadas de recuerdos personales y colectivos

Izaskun Ellakuriaga, Azoka hauspotu zuen emakume ekintzailea

Fat phantom, síndrome de «grasa fantasma»
