Libe LOpez Arandia
LUMA BERRIEN AZTARNAK

Eguzkia

Kristina Fernandez
Kristina Fernandez

Atlantikoaren ertzeko irlaren maldak hodeiei eutsi egiten die, eta iparraldearen kontra estutu. Hodeiertzetik gora, lur harritsu gorrixka eguzkitan idortzen da. Gora egin ahala, urriagoak dira hosto gogor eta zurtoin marduleko landareak, nahiz eta ez zaien lorerik falta. Horien artean daude behatoki astronomikoak, sumendiak jaurtitako arrautza zuriak balira bezala, zeru hurbilera begira.

Milioika euroko begitzar horietako bat sostengatzen duen eraikineko ate txikia ireki du kirrinka batez, eta haize hotzetara irten da. Lantokiak itzala egiten dion arren, hodei geruzaren goiz erdiko islak eguzkitako betaurrekoak janztera behartu du. Bakeroen atzeko patrika batetik zigarro bat eta bestetik sua atera, eta ezpainen ingurua bi eskuez babesturik irazeki du. Inor begira ez izanagatik ere, kea indarrez zupatzea du maite.

Beste edozein astro ikertuko balu, gauez behatu beharko luke, baina arrazoi bategatik edo besteagatik, egun argiko bakardadea egokitu zitzaion azkenean. Hatz erakuslearen eta ondokoaren artean heldu du zigarroa. Kaktusen gerizak txiki-txikiak dira -eguzkia zenitetik oso gertu dago latitude horietan-: udara ate joka ari da. Bizkortu egiten du horrek, baina baita penatu ere. Agian nahiago izango luke beste nonbait egon udara ailegatzerako.

Sakelakoa ezker eskuaz hartu eta pantaila desblokeatu du forma bihurri batez. Inklinazio egokia eman behar dio zerbait irakurtzeko gai izateko. Sarean sartu da, egunero lez: Brent upela igo egin da berriz, zupada; sionistek enegarren su-etena ere suntsitu dute, zupada; krisi humanitario zantzuak gero eta agerikoagoak dira Kuban, zupada. Bortitzak eta sarkorrak dira eguzki-izpiak, paraje malkartsu horietan dena geldirik dagoela badirudi ere. Baina bihotz taupadak ez zaizkio gehiegi azkartu, ezta gogoa lar aztoratu ere. Desengainuak desengainu, argi ikusgai nahiz infragorriek bere kopeta epeltzen segitzen dute.

Zuriz margoturiko eraikinean kamiseta hutsez estalitako bizkarra pausatu eta beherantz irristatu da kokoriko geratu arte. Zigarroa ondo oratuta, bi eskuez heldu dio mugikorrari eta astiro biratzeari ekin dio: betaurrekoak polarizatuta daudenez, tarteka soilik ikus dezake pantailakoa. Eskuak gelditu eta burua biratu du hurrena. Gero, Egunean Behin-en jokatu du. Burua altxatu eta hodeien lastairaren kulunkatzeari erreparatu dio zigarroa ahora itzultzeaz batera. Aurreko astea hobea izan zen.

Segundo batzuez laino-mugara so geratzeagatik paisaia belzten hasi zaio. Begiak basaltoaren eta harkaitz-loreen artera zuzendu eta lauzpabost aldiz kliskatuta lortu du zerrenda iluna pixkanaka lausotzea. Maiz pentsatzen du ondo legokeela teleskopio eskergak eta behaketa astunak alboratu, filtroen kalibrazioak eta espektroen analisiak arbuiatu, eta begi hutsez ikusi eta ulertu ahal izatea eguzkiaren barrenak. Atxiki indartsu batez eguzki-printzak islatu zaizkio biriken zoko guztietaraino.

Alta, berehala gogoratu du itsutu barik bere izarrari zuzenki erreparatzeko parada izango duela laster. Nolakoa litzateke, kameraren objektiboa estalki beltzez tapatzen den gisa berean, lanegun baten erdian eguzkia itzali eta zigarroa ilunetan erretzea. Behatokiaren kanpoaldean kokoriko, zenit aldera begiratu eta eraztun distiratsua -eguzkiaren koroa ilargiaren ertzetatik gainezka- edo ilargi-formako izar handia -astroen lerrokatze inperfektua- ikustea. Erretinak kiskaltzeagatik bista alboratu behar ez izatea, minutu gutxiz bada ere. Nolakoa izango ote da.

Zigarroaren mutur txinpartatsua ezpainetara gerturarazi du beste zupada batez. Gerizak are murrizten ari dira. Orkatilen gainetik jaiki eta ate txiki zuriaren parean eman du azken atxikia. Espero du gutxi faltako dela itzultzeko, denak ikusteko, udako solstizio jaietarako -sanjuanetarako, alegia-. Begiak inarrez piztu zaizkio eta besaurreetako iletxoak tentetu. Oso gutxi falta da. Zigarro muturra harri bolkanikoaren kontra zanpatu, atearen heldulekuari fotosintesia ederki egin duenaren energiaz eragin, eta lanera bihurtu da.