Joseba Sarrionandia
Idazlea / Escritor
OROILOREAK

Immigranteak: Zazpigarrenak

Turkiar immigranteak Alemaniarako bidaiari buruzko argibideei adi.
Turkiar immigranteak Alemaniarako bidaiari buruzko argibideei adi. (Jean Mohr)

Plantazio ekonomia koloniala esklaboengan oinarritzen zen bezala, Mendebaldeko kapitalismoaren garapena langile emigranteengan sostengatu da XIX. mendetik hona. Esklabotza abolitu egin omen zen, baina ez da desagertu ez lan-esku desplazatua ez esku-lan esplotatua.

Langile emigrante kopuru itzela da garai modernoen ezaugarri historikoa:

«Inoiz ez da hainbeste jende deserrotu izan. Emigrazioa, behartua edo hautatua, muga nazionalen gainetik edo herritik hiriburura, gure garaia hobekien definitzen duen esperientzia da…».

ZAZPIGARREN GIZONA

Migratzailea ez da bazterreko edo behin-behineko pertsonaia historikoa. Benetako eragilea da mundu-mailako egitura sozioekonomikoan.

Liburu berezi bat argitaratu zen 1975ean New Yorken, John Berger-ek idatzi eta Jean Mohr-en argazkiz ilustratutako “Zazpigarren gizona” (“A Seventh Man: Migrant Workers in Europe”). Sasoi hartan Europa iparraldean lan egiten zuten immigranteen erretratua.

Titulu bitxia zuen liburuak, “Zazpigarren gizona”, esplikatu beharrekoa. Attila József poeta hungariarraren esaera batetik zegoen hartuta:

«Mundu honetara jaiotzen bazara

Hobe duzu zazpi aldiz sortu…».

Zeren sei ume jaioko dira, bakoitza bere eran, eta eman dezagun zu zazpigarrena zarela. Beste batzuen artekoa, zazpigarrena etxean, zazpigarrena izango zara ikasten, eta zazpigarrena Europako fabrikan. Józsefen poeman, jaiotzetik heriotzara arteko gizabanako horren patu soziala glosatzen da ahapaldirik ahapaldi, eta ideia da norbera dela zazpigarren hori, besteak beste, munduko sufrimenduaren erdigunean, eta mundua eraikitzeko orduan ere erdigunean.

Bigarren Mundu Gerraren ondorengo Europa industrialeko etorkinen bizitzari buruzko erreportajea da. Jende horri ezikusiarena egiten zitzaion normalean eguneroko bizimoduan, bigarren mailako eta bazterreko presentzia bat ziren espazio publikoan, zifra makroekonomikoetan geratzen ziren estalita. Liburu honetan, pertsona horiei modu oso ilustratuan ematen zaie ikusgarritasuna. Bergerrek eta Mohrek, kazetaritza eta argazkigintza, estatistikak eta testigantzak, soziologia eta poesia konbinatuz, Europa garatuan 1973. urtearen bueltan beharrean zebiltzan immigranteen aintzat hartze berezia egin zuten.

Liburuaren autoreak zahartu eta desagertu egin dira ordutik hona, Europako herrialde bakoitza garatu da, eta mundu osoa aldatu da globalki. Teknologia berriek beste zibilizazio eta beste bizimodu batera bultzatzen dute planeta osoa. Baina, “Zazpigarren gizona”, argitaratu zenetik 51 urte pasatu arren, idatzi zenean bezain argia eta hunkigarria da. Langileen immigrazioa ez da anomalia edo salbuespena, baizik eta espazio geografikoak eta denbora historikoak zeharkatzen dituen gauza.

Neska laboraria soroan lanean. (Jean Mohr)
Neska laboraria soroan lanean. (Jean Mohr)

KAPITALISMO MODERNOAREN HAZKUNDEA

Emigranteak negar egiten du, baina jendea ez dago malko edo lantu horiei begira. Okerrenean ere, bere jaioterrian baino bentaja gehiago dauka hemen. Lan gogorrak egiten ditu, baina immigrantearen trabailu eta beharrak ez dira gizartearentzat ikusgarriak. Paradoxikoa da lan-indarraren ikusgarritasun eza, lan-indar hori izanda ekonomiaren sostengua. John Bergerrek eta Jean Mohrek, historia liburuetan agertuko ez diren langile migrante horien lan baldintzak eta bizitza pertsonala erakustearekin batera, egia larri batzuk planteatzen dituzte galdera forman:

Zer pasatzen zaio Europari? Zer dela eta uzten dira Europan lan txarrak eta merkeak kanpoko langileen eskuetan? Europako sistema sozioekonomikoak, handitzeko, irauteko edota kolapsoa saihesteko, langile etorkinak behar ditu. “Fortune” finantza-aldizkari amerikanoak esaten zuen, 1973an, immigrantea derrigorrezkoa zela Europako ekonomian. Gauza bera errepikatzen da medioetan gaur egun ere. Bestela esanda, galdera-marka bazterrean utzirik: Mendebaldeko Europa oparoa langile etorkinen esplotazioan oinarritzen da. Aldi baterako baliabidetzat hartzen ziren, baina ezinbestekoak dira. Orduan, eta oraindik ere, etorkinak halabehar iraunkorra dira.

Zer pasatzen zaio emigranteari? Zer dela eta uzten du migranteak bere etxea, zergatik doa hirira (hurbilera edo urrunera) badaezpadako egoerak jasatera? Emigrantea gizarte desegituratu eta pobretuetatik abiatzen da normalean. Sorterritik alde egitea, nahigabean bizi denaren erresistentzia da. Bizimodu behartsuak eta desanparoak, duintasunak eta ausardiak bultzatzen du pertsona hori sorterria uztera. Azpigarapenak, eta hobetu beharrak.

Hiru epetan konta daiteke azpigarapenetik garapenera doan horren migrazio-ibilbidea: irteera, lana eta itzulera. Abiapuntuan deia dago, hiriaren deia. Jack Londonen “The Call of the Wild” eleberria “Basabizitzaren deia” izenarekin itzuli bazuen Josu Zabaletak, “hiribizitzaren deia” da emigranteak entzuten duena:

«Egunero aditzen du metropoliaren berri. Hiriaren izena aldatzen da. Hiri guztiak dira, bata besteari gaineraturik, hiri hori, inongoa ez dena baina promesak etengabe zabaltzen dituena. Promesok ez dira bide bakarretik zabaltzen. Inplizituak dira hirian dagoeneko izan diren horien ahotan…».

Hegoaldetik iparraldera, landa-eremutik hiri kapitalista industrialera doa turkiarra, aljeriarra, portugaldarra, espainola, italiarra edo jugoslaviarra. Haien helmuga herrialdeak Frantzia edo Suitza, Holanda edo Alemania dira. Sistema sozioekonomikoak azpigaratutako herrialde mortuetatik metropolira, extremeñoa Bruselara, anatoliarra Berlinera…

“Hiribizitzaren deia”, hein handian bisuala da erretratuak, aldizkariak, pantailak daudenetik. Deika daude autoak, errepide nagusiak, turistak, modako arropak, irratia, turisten autobusak, bankuek oparitutako kalendarioak, eskuturreko erlojuak, trenak, irratia, telebista, zerua zeharkatzen duten hegazkinak. Etorri hirira, ditu azpigaratuak deika.

«Hiri horretara joanda bakarrik bete daiteke promesa horien guztien esanahia. Hiri guztiek dute bereizgarri bera, irekitasuna…».

Istanbulen, turkiar langile baten altuera neurtzen; ez zuen azterketa gainditu, txikiegia zelako. (Jean Mohr)
Istanbulen, turkiar langile baten altuera neurtzen; ez zuen azterketa gainditu, txikiegia zelako. (Jean Mohr)

MIGRANTEA DESTERRATU GISA

Emigrazioa ez da derrigorrez Anatoliatik Berlinerakoa, edo Bosniatik Londreserakoa, edo Kabiliatik Amsterdamerakoa. Estatu bakoitzaren barruan gertatzen da hori batez ere, Frantzian, Espainian eta bazter guztietan.

Adibidez, Frantzia barruan, Jean-Pierre Rousseu, 1941ean sortu eskiularra, Latxikana etxea utzi, betiko ibar ezaguna kitatu, eta min handiarekin joan zen (eguzkia zeruan irribarrez) Parisera. Euskaraz kantatuko zuen han:

«Sorleküa ützi düt hanitx dolüreki

ene hogei urteak zeiztadanean akabi,

bizia behar denean segürki irabazi

Parise hiri handian sartü niz osoki»

Ez zela Pariseko kale-etorbideetan galduko, pentsatzen zuen, atzean utzitakoa zeramalako gogoan lokarri. Sorterria ez zeukala urrun, bihotzean zeramalako, oroiminez. Inongo emigrantek ez du ahazteko bere herria, edo bere herritzat hartzen duena.

Eskiulatik Parisera edo Aulestitik Boisera joaten ziren artean euskaldunak, milaka immigrante heldu zen Euskal Herrira. 1880tik aurrera gertatu zen lehenengo immigrazio oldea, Bilboko ezkerraldeko meatze eta industrietara heldu baitziren milaka langile inguruko baserri-mundutik eta Espainia erruraletik. 1950eko eta 60ko hamarkadan, andanaka iritsi zen jendea berriz ere Espainiako probintzia pobretuetatik Bizkaiko, Gipuzkoako, Arabako eta Nafarroako fabriketara. XXI mende honetan, Afrikatik eta Latinoamerikatik heldutako jende-ostearekin aldatu da berriro “paisaia humanoa”.

Jon Maiak bigarren oldeko jornalari espainol baten kasua kontatzen du bere “Riomundo” eleberrian. Lur-jabeen manupean, guardia zibilen beldurrez, ogirik eta sosegurik gabe gerraosteko Gaztelan eta Extremaduran. Hala heldu zen, iparralderantz ihesean, mendien arteko euskal ibar berdera, tximiniatik kea zerion fabrikan aurkitzeko ogibidea. Soldata erregular bat jasotzearen harrotasuna, euria, jende batzuk beste hizkuntza bat egiten. Amets Arzallusek, berriz, hirugarren oldeko Afrikatik gorako migrazio-abentura latzaren kronika ederra idatzi du: “Miñan”. Modu gogor, intimo eta hunkigarrian jaso du Ibrahima Balde ginearrak bere anaia txikiaren atzetik egindakoa bidaia.

Aukeraz betetako etorkizun-ametsak egongo dira “etxezulotik” irten eta “hiri handi irekira” doazen migrante batzuengan. Baina, emigrazioa bizipen zaila da gehienentzat. Sorlekuan ezin dutelako duintasunez bizi, behar izaten dute alde egin:

Emigranteak, exiliatuak dira gehienak. “Riomundo” eleberri hura aurkeztu zenean, Bertolt Brechten esaera bat gogoratu zen:

«Gogoaren kontra, egoerak behartuta, herria, familia, etxea utzi behar duena ez da migrantea, baizik eta desterratua».

Eta desterratuentzat, bizileku berria ere ez da izaten esne-mamitan gozatzekoa. Bertakoek nahi ez dituzten beharretarako daude. Eta sorlekura itzultzeaz amets egingo dute behin ea berriro, sorterrian bizitza baldintza hobetan berreraikitzeko itxaropenak elikatuko dituzte, bihurtze hori egundo gauzatuko ez dela jakitearen tristurarekin.

Zertarako landatuko duzu hemen zuhaitzik? Ongizatearen maldara iritsi orduko, zu ez zara ja hemen egongo. Jaitsi bisera begietaraino jendea gurutzatzean, ez zara hemengoa. Zertarako ikasi hemengo hizkuntzaren gramatikarik? Etxera deituko dizun albistea zeuk ezagutzen duzun hizkuntzan iritsiko da.

JOHN BERGER: IKUSTEKO ERAK

Arteak salbatu omen zuen John Berger gaztetxoa etsipenetik, gerra garaian, barnetegi bortitzean entzerratu zutenean. Artearen grazia hori jendearekin partekatzen ahalegindu zen ordutik aurrera. Pintorea bokazioz eta prestakuntzaz, militante bihurtu zen 1950eko hamarkadan, larrialdi politikoak zeudelako bizitza koadroak margotzen pasatzeko. “Toward Reality: Essays in Seeing” (1962) izendatu zuen liburu bat, aditzera emanez begiak zabalik bizi beharra dagoela, errealismo hutsez, mundu honetako borroketan parte hartu beharra dagoela. Alderdirik gabe, baina herriaren alde, elizarik edo ordenarik behar ez duen monjearen grinez erabili zuen John Bergerek, pintzelaren ordez, idazmakina.

Pasaportearen kontrola mugan, Genevan. (Jean Mohr)

Eleberriak, poemak, saiakerak idatziko zituen. Liburu bakoitzak bere genealogia izaten du eta, “Zazpigarren gizona” delako hau ere beste batzuekin erlaziona daiteke. Esate baterako, James Agee idazleak eta Walker Evans argazkilariak Depresio Handiaren ondorengo Alabaman kotoi biltzaileei buruz 1936ko udan egindako erreportajearekin: “Let Us Now Praise Famous Men” (1941). “Algodoneros” deitu dena gaztelerazko edizioan.

“Zazpigarren gizona” idatzi ondoren, John Bergerrek ez zuen Londresen edota Parisen intelektual ilustrearen papera bete nahi, eta, Savoia Garaiko herri txiki batera joan zen bizitzera, «arte handiaren betiko misterioaz eta zapalduen bizipenez» pentsatzen eta idazten jarraitzeko. Industriako langileen esplotazioa aztertu ondoren, laborarien mundu tradizionalaren akabera ikertu nahi zuen. Europako nekazaritza akabera fasean zegoen, egitura sozioekonomiko moduan, eta bizimodu eta kultura moduan, itzulerarik gabeko puntuan. Hortik sortu ziren baserri bizimoduari buruz eleberri batzuk: “Into Their Labours” (1991) trilogia, eta beste.

Ikusteko era diferenteak daude, eta Bergeren begiradak bazuen humanismo erradikal bat bizitza lurrari begira ematen zuen jende hura konprenitzeko. Gorrotoan edo etsipenean erori gabe, zapalduen aldeko maitasuna zerion. Hemengo zapalduekiko eta hangoekiko: Mexikora ere bidaiatu zuen Marcos “azpikomandantearekin”, Istanbulera turkiar disidenteekin, eta Palestinara okupazioaren aurka protestatzeko.

DESPOTISMO EKONOMIKOA ETA POLITIKOA

Europako sistema sozioekonomikoak, hazteko, eta kolapsoa saihesteko, lan-immigrazioa behar du. Hagatik bultzatzen du lan-indarra baserrietatik hirira eta lurralde pobreetatik hirigune aberatsera. Osa daiteke tesia era honetan: Kapitalismo modernoak, bere hazkunde etengabea sostengatzeko, bertako baserri mundua ja ezabatu du, eta suntsitu behar ditu espazio osoak: Ekialde Hurbil musulmana, Afrika, Latinoamerika…

Kapitalismoak, Ernest Mandelek esaten zuenez, “garapen konbinatu eta desorekatuaren” legeak modu inperialistan eta modu nazionalistan aplikatzen ditu. Hala, garapenaz hitz egitea, azpigarapenaz aritzea da, nahiz eta ifrentzu hau ezkutatu. Ez da ahaztu behar garapengileak izaten direla azpigarapengilerik behienak, bakegileak izaten diren bezala gerragilerik handienak.

Turkiar tapiz saltzailea Alemanian, langile turkiarrentzako barrakoi batzuen alboan jarrita, bide ertzean, sorterriko produktuak saltzen. (Jean Mohr)

Hazkunde ekonomikoaz mintzo direnak, eta horixe da politikari guztien gai nagusia, esplotazio gehiago eta gerra gehiago ari dira proposatzen, espres edo oharkabean. Eta pobrezia gehiago ere bai, “pobrezia” hitzaren zentzu modernoan. Gure garaiko pobrezia diferentea baita: pobrezia ez da “eskasiaren seinalea”, iraganeko pobrezia zen bezala; baizik eta agintzen duen oligarkiak biztanleriari ezarritako arau-sistema; “oparotasunaren seinalea”, alegia.

Oparotasun eta modernotasun seinaletzat hartzen da, esate baterako, sustrairik ez izatea, eta sarean harrapatuta bizitzea, eta hizkuntza propioa baztertzea (kolaterala bada), eta historia ez ezagutzea (gizarte horrek aurretik bizi izandakoaren amnesiaz). Sistema honek, jendeari etorkizuna bahitzen dio, iragana ostearekin batera, behin erabili eta gero botatzekoa balitz bezala, freskagarri botila plastikozkoa botatzen den antzera. Esklabotza ere halaxe antolatzen da, erauzten zen jendea bere mundutik, eta bahitzaileak bere alde erabiltzen zituen, lanean…

Esklabotza benefizentziatzat hartzen zen bezala, hartzen dira gaur egun garapen eta luxutzat depredazio ekonomikoa, erroizte kulturala eta suntsidura ekologikoa.

FAMILIA ALBUMA

Testuinguru honetan, John Berger eta Jean Mohren liburu hau “familia album” modukoa da, gure arbaso askoren itxaropenak eta beldurrak, frustrazioak eta nahiak jasotzen dituelako. Horien oinordekoak gara denok, munduko familia eta herri guztiak.

Euskaldunok ere bai. Mendialdeko baserritik fabrikara jaitsi zirenen eta lurralde urrunetik immigratutakoen oinordekoak gara. Euskaldunek ez dugu ezer Espainiatik edo Senegaletik bizitzera heldutako jendearen kontra, eta immigranteek ez dute ezer bertakoen kontra. Ezinbestekoa da Mari Luz Estebanek (“haragizko erreformen” artean) formulatzen zuen “Teoria Maketoa”:

«Etorri ginelako gara

etorriko direlako izango gara».

Teoria Maketoa, Teoria Euskalduna da. Ez abizen euskaldunekoek ez apellidu espainolekoek ez dugu ezer gaur eguneko immigranteen kontra. Baina badugu asko, denok, geure herrian ere arrotz sentiarazten gaituen oligarkiaren mekanismoen kontra.

John Bergerrek idatzitako liburuaren azala. (Katakrak)

Oligarkia beti ahalegindu da Euskal Herrian “bi komunitate” bereizten: hizkuntza “unibertsalaren” izenenean “kolaterala” baztertzen, eta estatuarena ez den kontzientzia nazionala ukatzen, gizartearen erabakitzeko eskubiderik onartu gabe.

Mundu gehiena garapenaren izenean azpigarapentzen duen eta jendea “oparotasunez” pobretzen duen oligarkiaren makineria da. Era bateko eta besteko immigranteen seme-alabak gara, eta, mundu osoan sentiarazten gaitu arrotz oligarkia harroputz horrek.