Amaia Uribe
IRITZIA

Paga

Oporretara nora joan pentsatzen entzun ditu 17 urteko neska batzuk. «Venezia ondo dago». «Amsterdam ere polita da». «Eta New Yorkera bagoaz astebeterako?». «New Yorkera? Hegaldia bakarrik 1.000 eurotik gora da!». «Nire aitak ordainduko dit». Irribarre egin du hori esaten zuen bitartean. 1.000 euro irabaztea zenbat kostatzen den baleki!

Eroso bizi dira gure seme-alabak, erosoegi gauza onerako. Kontsumismoaren gurpilean sartuta hazi ditugu; zer nahi, hura eman. 10 urteko semearekin gertatu zait. Herriko jaietan 10 euro eman eta gutxi dela esan dit. «Hori ez da ezer! Autotxokeetako fitxa bat 4 euro kostatzen da! Nire lagunei 25 euro ematen dizkiete». 10 urterekin 25 euro? Normala gero 17 urte dituztenean New Yorkeko hegaldia ordaintzeko eskatzea! Txanponaren beste aldean daude seme-alabei dirurik ematen ez dietenak. Semearen lagun bati ez diote pagarik ematen eta semeak kontatu dit lagunak txikleak lapurtzen dituela gozoki dendan. Ez da erraza zenbat diru eman erabakitzea. Gehiegi emanez gero, dena eskura edukitzera ohitzen dira; ezer eman ezean, berriz, beste bide batzuk bilatzera bultzatu ditzakegu.

Lanean 14 urterekin hasi nintzen ni, lehengusuak zaintzen. Izebak diru apur bat ematen zidan eta horrekin erosten nituen nire kapritxoak. Bertsolaritzako klaseak ematen hasi nintzen 17 urterekin eta kolaborazioak egiten nituen hainbat hedabidetan 20 urterekin. Beti izan dut nire dirua. Gehiago edo gutxiago, baina neuk irabazitakoa. Gaztetatik ikasi dut diruari daukan balioa ematen eta hori falta zaie inguruko ume eta gaztetxoei. Duela gutxi artikulu baten irakurri nuen Herbehereetako eskoletan ekonomia klaseak ematen dituztela. Aurrezteko beharraz gogoeta egiten 4 urterekin hasten dira. Aurrekontuak egiteko eta hori ordaintzeko zenbat aurreztu behar duten jakiteko gai dira 12 urterekin. Eta, seguru, 17 urterekin ez diotela aitari eskatzen New Yorkeko hegaldia ordaintzeko! Agian ez dugu ekonomia klaserik behar gure eskoletan, baina etxean hasi beharko ginateke 25 euro eta 1.000 euro zerutik ez datozela irakasten.