15/02/2015

MADDALEN IRIARTE
Espainiarena...

Espainiak aurrea hartu die Europako gainerako estatu guztiei Parisko atentatuak gertatu eta berehala. Europako txapelduna da atentatu horiek direla-eta hartutako neurrietan

Espainiarenak beste behin ere azterketa merezi du. Mariano Rajoyk eta Pedro Sanchezek sinaturiko «terrorismo jihadistaren aurkako estatu ituna» esanguratsua da zentzu horretan. Espainiak aurrea hartu die Europako gainerako estatu guztiei Parisko atentatuak gertatu eta berehala. Europako txapelduna da atentatu horiek direla-eta hartutako neurrietan, hilketa horien aitzakian ere, esango nuke.

Demagun une batez hartutako neurriak baliagarriak izan daitezkeela halako arazoak konpontzeko. Orduan, orain akordioa sinatu duten bi alderdiak zergatik ez ziren Madrilen 2004. urtean izandako atentatu izugarriaren ostean antzeko zerbait sinatzeko gai izan? 191 hildako eta ehunka zauritu zergatik ez ziren nahikoa izan?

Ia hauteskunde bezperan gertatu zen atentatu hura, eta Aznarren gobernua errua ETAri leporatzen tematu izanak egoera asko nahastu zuen eta lehia hegemonikoan PSOEk aukerak ikusi zituen botoak bereganatzeko: itunetarako abagunerik ez, beraz. Hainbeste nahastu zen egoera, ezen agintean zegoena oposiziora joan baitzen eta oposiziokoa agintera. Gogoratu Acebes behin eta berriro ETA izan zela errepikatuz... Eta Aznarren tokian Zapatero jarri zen.

Orain egin dute. Orain bata eta bestea beldur dira urteetan zehar alternantzian izan duten boterea galduko ez ote duten. Hain da larria egoera PSOErentzat, non itun hori sinatu eta biharamunean Sanchezi entzun baitiogu halako itun gehiago sinatu nahi lituzkeela PPrekin, badaezpada ere. Bere alderdiko askok ere ez dute ulertu, ez ituna, bizitza osorako kartzela zigorra onartzen duena, ez eta akordio gehiagorako nahi hori ere. Baina nahiko argi dago. Ez PPk ez PSOEk ez dute galdu nahi orain arte aldizka boterera eraman dituen sistema, eta horretarako edozer egiteko prest daude. Europak gaur arte oinarrizko eskubideak izan ditu mugan, eta horren lekuko Espainiak jaso dituen kontrako ebazpenak. Ikusi egin beharko da orain Espainiaren atzetik zer egiten duten gainerako herrialdeek.

Hori bai, honetan Espainia garaile: estatu arrazoi bilakatu da bi alderdien arteko jokoa ez galtzea, eta horrek bere baitan biltzen dituenak: statu quoa, estatu arrazoia, estatuaren arrazoiak kontroletik kanpo ez uztea. Baina hartutako neurriak –bide batez esanda Espainiako Estatuan oso ohikoak izan direnak askorentzat, salbuespen egoera ia etengabe batean bizi izan delako Euskal Herrian esaterako– ez dira eraginkorrak izango. Europako beste herrialdeek ere aprobetxatuko dute egoera gogortzeko, baina ez dute konponduko helburutzat dutela esaten dutena; ez baita egia, ez baitute hori helburu, beren burua eta beren boterea baizik. Bestela hasiak behar lukete-eta gertatu den guztia sakonki aztertzen, egoera honen sustraira jotzen. Sustraira jota, ordea, batzue-tan konponbideak topatzen dira, eta konponbideak topatuz gero, ez da itunik behar. Eta itunik gabe, zer sinatu behar du Sanchezek? Nola eutsi alternantziari?