GARA

Eskola txikien aldeko jaia lau haizetara zabaldu dute Muxikako Urretxindorra eskolan

Busturialdeko Eskola Txikien X. Jaia ospatu zuten atzo Muxikan. Bertako Urretxindorra eskola izan da aurten festa antolatu duena. Agurrean, Mundakako ikastetxeari pasatu zion lekukoa, honek hartuko baitu 2015. urteko edizioa.

Antolatzaileek «Busturialdeko Hitza»-ri azaldutakoaren arabera, bi xede ditu ospakizun honek: alde batetik, ikastetxe desberdinetako gazteek elkar ezagutzea eta harremanak sortzea; eta bestetik, eskola txikiak babestea eta aldeko oihartzuna lau haizetara zabaltzea eskualdeko herritarren artean.

Hala, bost ikastetxeotako haur eta gaztetxoen topalekua izan zen atzo Muxika: Mundakako ikastetxea, Busturiko Jose Maria Uzelai, Gautegiz Arteagako Montorre, Eako Natxituko Haizeder eta Urretxindorra bera. 10.00etan hasi zen jaia, harrerarekin. Muxikarrek beste herrietako gazteei ongietorria egin zieten, «Busturialdeko neska-mutilak» bertsoak eta Arrano arrantzalearen abestia kantatuz.

«Busturialdeko neska-mutilak gabiltza ikasi nahirik/ horretarako gure ahaleginak sarri ez daude alperrik/ famili giro gure artean adin guztiak nahasirik/ herri hauetan eskola barik/ ez daukagu zereginik/ eskola txiki biziei esker herri txikiak bizirik» dio bertsoak.

400 ikasletik gora kantari

Harreraren ondotik, musika saioak etorri ziren. Asteotan abestiak prestatu dituzte eskoletan, topaketa honetan kideei kantatzeko. Orotara, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako 400 ikasletik gora, entzuleen belarriak goxatzen.

Umeentzako jolas eta tailerrek eman zioten amaiera goizeko egitarauari. Txikienek ederki pasatu zuten eurentzako propio prestatutako ekintzetan.

Sabela pozteko, lagunarteko bazkari eder bat egin zuten, ikasle eta irakasleek elkarrekin, eta gero, jolas gehiago.

15.00etan bukatu zen X. Busturialdeko Eskola Txikien Jaia, agurrarekin eta testigua pasatuz. Mundakako ikastetxearen txanda izango da datorren urtean. Bertan ospatuko da XI. edizioa.