Silabaz silaba, Xilabak laugarren aldiz eginen du bertsoen bidea
Zuberoa, Lapurdi eta Nafarroa Behereko bertsolari txapelketa urriaren 4an abiatuko da Muskildiko kanporaketarekin eta azaroaren 15ean bukatuko da Baionan Laugan eginen den finalean. 18 bertsolari arituko dira lehian, aurreko edizioan baino bi gehiago. Elkarlana izanen da gakoetako bat, saio bakoitza izanen den herriko elkarte batekin batera eginen baita.

Silabaz silaba bertsoa osatuz laugarren ediziora ailegatu da Xilaba, Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarreko Bertsulari Xapelketa. Lehian ezarriko dituen bertsolari gehienak bezala, gaztea da txapelketa. «Laugarrenak ez du lehenaren distirarik edo bigarrenaren xarmarik, baina bidean goazela erran nahi du, hasi ginela eta ez dugula etsi, urraska aitzina ari garela, emeki baina segurki».
18 bertsolari arituko dira aurten txapelketan, aurreko edizioan baino bi gehiago. «Urtero kopuru bertsuetan ibiltzen gara», adierazi zuen Bertsularien Lagunak elkarte antolatzaileko presidente Joana Itzainak. «Betiko ibilmoldearekin ari gara, eta batzuek errepikatzen dute eta beste batzuek ez. Jendearen bizian badira momentuak», gaineratu du.
Parte hartzaileen artean adin eta jatorri ezberdinetakoak atzematen ahal dira, nahiz eta gazteak eta lapurtarrak nagusi izan. Lehen aldiz parte hartzen duten bertsolarien artean zaharrena eta gazteena atzeman ditzakezu; Mixel Etxekopar zuberotarra da eskarmentu handiena duena eta Aitor Servier azkaindarra, gazteena. Bi horiek Lur Renteriarekin batera txapelketak hartuko dituen parte hartzaile berriak izanen dira.
Txapelketara bueltatuko direnen artean Maialen Arzallus eta Patxi Iriat ditugu. Miren Artetxe sail horretan sailkatzen ahal bada ere, kanporaketan soilik parte hartzera hurbildu da txapelketara. Izena eman eta gero parte hartu ezin zuen bertsolari bat ordezkatzeko izanen da Senpereko kanporaketan.
Senperekoa saio berezia izanen da, urriaren 11n Bertso Eskolen Eguna ere ospatuko delako bertan. Horretarako egun osoko programa antolatu dute, eguerdian abiatuko den topaketekin eta Senpereko gaztetxean bukatuko den gaualdiarekin.
Saioak eta elkarteak
Elkarlana izanen da edizio honetako hitz gakoetako bat; izan ere, saio bakoitza eginen den herriko elkarte batekin antolatua izan da. Horrela, Muskildi Bizi, Aiherrako Belzuntze, Larresoroko Ote Lore, Aiziritzeko Zabalik eta Senperen Bertsularien Lagunak berak izanen dira harrera egiten.
Lehen kanporaketa Muskildin izanen da urriaren 4an eta Aitor Servier, Egoitz Zelaia, Gillen Hiribarren, Mixel Etxekopar, Sustrai Colina eta Xan Alkhat arituko dira lehian. Senperen urriaren 11n eginen den bigarren kanporaketan arituko dira Battitt Crouspeyre, Lur Renteria, Maddalen Arzallus, Maddi Sarasua, Miren Artetxe eta Xumai Murua. Aiherrakoa izanen da azken kanporaketa, urriaren 18an, eta bertan Eneritz Zabaleta, Odei Barroso, Ortzi Idoate, Ortzi Murua, Patxi Iriart eta Ramuntxo Christy lehiatuko dira.
Lehen finalaurrekoa Larresoron eginen da urriaren 26an eta bigarrena, Aiziritzen azaroaren 2an. Finala, ohi bezala, Baionan eginen da, eta azaroaren 15ean izanen da Lauga gelan. «Finala besta egun handi bat izanen da», aitzinatu du Itzainak. Lurrama, urteroko hitzordu garrantzitsua bilakatu den Biarritzeko laborarien azoka, egun horretan bukatuko da. Bi ekimenak elkartzeko parada hartu dute antolatzaileek eta gonbit orokorra egin dute Bertsularien Lagunek eta Euskal Herriko Laborantza Ganberak.
Txapelketako epaileak Eneko Bidegain, Joakin Arregi, Beñat Soule, Erik Etxart eta Lierni Elortza izanen dira. Bederatzi bertsozalek hartuko dute gaiak egin eta emateko ardura: Amaiur Lujanbio Agirre, Iban Falxa, Ihintza Ostolaza Intxausti, Joana Itzaina, Karlos Aizpurua Etxarte, Maia Etxart, Maiana Irigoien, Maider Etxart eta Pettan Prebende.

El Patronato del Guggenheim abandona el proyecto de Urdaibai

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»
