ELURRETAN SUA PIZTUZ, EKUATORERA HELTZEAR DA EUSKARAREN LASTERKETA
BOSGARREN EGUNEAN EZUSTEKO BISITARI IZAN DU KORRIKAK ELURRA. EDERRA DA ELURRA, PAISAIA IZUGARRIAK OPARITU DIZKIO LASTERKETARI; ZAILTASUN BATZUK EKARRI ERE BAI, BAINA HASIERAKO MARA-MARA ETA GEROKO PLISTI-PLASTA GORABEHERA, ALAI ETA JENDETSU SEGITU DU BERE BIDEA, AEKREN EKIMEN HONEK ZER EDO ZER PIZTEN DUELAKO BARRENEAN.

Goizean, Gipuzkoatik Arabara sartu-irtena egin du lehenengoz Korrikak, Aramaio bisitatuz. 1.500 biztanleko herrian, bizilagunek bete dituzte 9 kilometroak, bertan ez baita enpresarik. Herritar batek, Mikelek, azaldu duenez, eragile eta elkarte guztiekin bilerak egin eta lanak banatu dituzte, baita kilometroak ere: batzuek erdi bat, bertzeek osoa… Erran duenez, nahiko ongi funtzionatzen du Aramaiok, bai kilometroak erosten bai parte hartzen, eta edizio guztietan lasterketa bertatik pasatzen ez bada ere, modu batean edo bertzean beti egiten dute bat AEKren ekimenarekin.
Martxa ailegatzeko esperoan, giro polita dute. Zubiaren ondotik, haurrak ikastetxeetara itzuli dira eta han atera dira denak eurek egindako petoak soinean. Irakasleek saltoka animatzen dituzte kanta kantatzera, eta han ari dira denak arkupean abesten eta dantzan, ume pila bat, gurasoak eta familiak ondoan. «Aluzinante dauz», aipatu du amatxi batek, hunkituta begira.
Errepide bazterrean, berriz, helduagoak aterkipean pilatu dira, nola ez, eguraldia hizpide. Umoretsu, Aramaio tropikala irudikatzen dute –puntu honetan, aipatzekoa da lehenago, goizeko sei eta erdiak aldera, Oñati elurtuan Pello Zabalak egin duela laster. Komentario batzuk adituko zituen...–.
Zuiako Kuadrillako parte izan arren, Debagoienan sartzen da Aramaio. Eskualde honetan Korrikak izan duen arrakastaren seinale da peto guztiak bukatu izana. «Jende ugari etortzen zaigu eskatzera, batzuek agian 60, baina jada ez dauzkagu», agertu du Olaia AEK-ko irakasleak eta Debagoieneko petoen arduradunak.
Eneritz Garro hiru umeren ama da, 3, 7 eta 9 urtekoak. Kontatu duenez, ostiralean jaialdia egin zuten. Ttikiena hagitz kontent ibili omen da abestiarekin, kantatu eta kantatu, eta bezperan hagitz urduri omen zegoen. «Beraientzat oso naturala da. Aramaion euskaraz bizi gara, gure erreferentzia Euskal Herria da eta ez dakit oso kontziente diren hori ez dela errealitate bakarra», adierazi du Olaiak.
Solasean ari garela, «badator! Badator!», abisatu du batek. Furgonetaren begiak ikusten dira, bi argi eguzkirik gabeko goizean. Musika gero eta ozenagoa da, emozioa gero eta handiagoa, eta oinak dantzan ari dira.
Eskoriatzatik datorren jende tropelera batu dira aramaioarrak. Aitzinean, helduek eutsi diote lekukoari, tartean Aitor Montes medikuak bata zuri eta guzti –bere lan arloan euskararen alde lanean ari denak; adibidez, Aramaiora ekografiak euskaraz bidaltzea lortu du–. Gibelerago, lekuko ttiki bat eraman dute haurrek.
Arrasatera jo dute, eta bertako kaleetatik txaloka eta animoka ari den lagun pilaren artetik igarotzea izugarria izan da. Herritarren erantzuna ezin hobea izaten ari da.
Bergaran, a ze zirrara Jose Luis Elkorok lekukoari heldu dionean. Alabaren eskutik hartu du eta txalo artean egin du laster, Elay-ko langileekin. Enpresa duela 50 urte sortu zen Antzuolan eta bultzatzaileetakoa izan zen Elkoro. Lan munduaren euskalduntzean aitzindarietakoa da Elay.
Herri berean, Graeme Rocher bidelariak kilometroa erosi du Lete bidelagunari oparitu eta bere esker ona adierazteko. Biak dira Mintzalagun egitasmoko kideak.
Elgetan behera Elorriora ailegatu eta Bizkaian zabaldu dute euskararen aldeko mezua. Elorrioko Nagore eta Beñat gazteek Korrikarekin lotzen duten hitza emozioa da. «Euskararen aldeko oso ekintza polita da. Bi urtetik behin beti zain egoten gara noiz helduko. Hamaika egunez ez da gelditzen… Oso berezia da eta denoi pizten digu barruan zer edo zer», adierazi du Nagorek. «Eta beti ateratzen gara, goizeko bostetan pasatzen bada ere», erantsi du kideak.
Abadiñon, Gorabide elkarteak hartu du lekukoa. Buru ezintasuna dutenek (Down sindromedunak aunitz) lehendabiziko aldiz hartuko dute parte, begiraleekin batera. Gainera, izugarri lagundu dute antolakuntzan, adibidez, kartelak jartzen.
Durangoko azoka, omendua
Durangon, aurtengo omenduak, Durangoko Azokak, bete du bere kilometroa Landako gunearen parean. Gerediaga Elkarteko bi ordezkarik heldu diote lekukoari, Nerea Mujika eta Anton Mari Aldekoa-Otalorak. «Pozik, harro eta esker onez gaude. Gerediaga sortu zenetik gutxi asko beti euskararen alde ibili gara eta oraingoan ere hala egokitu da», erran du Mujikak. Aldekoa-Otalorak Azokaren sortzaileei esker ona erakutsi die. «Guk ez dakit sortuko genuen, baina ekina eman diogu eta horretaz harro gaude. Katebegi bat gara, besterik gabe».
Kilometro bera osatu dute kultur sortzaile batzuek, tartean Ruper Ordorika eta Mikel Albisu Ze Esatek! taldeko abeslariak. Azken honentzat, Korrika mundu osoan harro egoteko moduko mugimendua da, jendearen sekulako inplikazioa duena. Aitortu duenez, beti egiten du negar. Kasualitatez egokitu omen zaie Azokaren kilometro bera, eta pozarren hartu dute, lotura handia dutelako. «Sortzaile bezala Azokari laguntza ematea oso garrantzitsua da. Berak guri ematen diguna ezin da ordaindu eta eskertzeko modu aproposa da», azaldu du.
Hala, ttipi-ttapa edo plisti-plasta, ekuatorera ailegatzear da Korrika, bi zentzuetan: lasterketaren erdira (Sopelan), eta berotasunera.

«La maternidad nos da la oportunidad de aprender a mirar a nuestra niña interna»

Sabin Etxea fía ahora a un juez la resolución de su crisis en Getxo

«Que solo se permita comprar casas para vivir es legal, está sobre la mesa»

Martxoaren 3ko biktimen aurka jo du Gasteizko gotzainak: «Tentsioa dago»
