EDITORIALA

Abiadura handiaren hamaikagarren porrota

Estatu frantseseko Hego-mendebaldeko Proiektu Handia (GPSO) aztertzeko ardura zuen batzordeak haren aurkako txostena egin izana abiadura handiko trenen aldeko apustuaren hamaikagarren porrota da. Bordele-Akize eta Bordele-Tolosa (Akitania) lineak herri onuratzat jotzearen aurka agertu da batzordea, azken hitza Parisko Gobernuak duen arren. Txostenak ingurumen arazoak nabarmendu ditu, besteak beste. Jakina da erakundeetako agintari askorentzat horrelako arazoek ez dutela talka egiten zenbait interes pribaturekin. Nolanahi ere, proiektu horrek eta abiadura handiko beste askok gero eta argudio gutxiago dituzte, gizartearen parte handi bat ez ezik, adituen txosten ugari ere aurka baitituzte. Ez dago aitzakiarik herritarren interesei bizkarra ematen dieten proiektu horiei eusteko.

Gogorarazi beharra dago Bordele-Akize linea beharbada zenbait urte barru Hendaiaraino luzatzea aurreikusita zegoela. Eta lehendik ere zati horren inguruan zalantza handiak baziren arren, orain askoz ere handiagoak dira, noiz egingo den ez ezik, egingo ote den ere zalantzagarria baita. Izan ere, Hegoaldeko «Y» delakoa are isolatuagoa sumatzen da orain. Parisko Gobernuaren erabakiaren zain, argi dago txosten horren eta beste hainbaten aholkuen arabera ez jokatzea onartezina dela, ikusmolde demokratiko batetik bederen. Beste porrot bat, abiadura handia hainbat lekutan ez dela guztien ongiari begira pentsatu eta planifikatua erakusten duena, eta horrelako proiektuei eusteko tema zenbait interes ilunek baino ez dutela justifikatzen.

Igandean departamendu-hauteskundeen bigarren itzulia egin zuten Estatu frantsesean. Ipar Euskal Herrian EH Bai-k lehen itzuliko joera berretsi zuen, eta emaitza bikain horiek ez dira pasadizo gisa hartzekoak, bilakaera nabarmen baten adierazle baizik. Lurralde elkargo propioaren aldeko lanak zerikusia du horiekin, ziur, baina baita horrelako proiektu megalomanoen aurrean erakutsitako jarrerak ere. Horregatik ere, jarrera hori gaur indartsuagoa da.