Amaia U. LASAGABASTER
EIBAR

«Ikasi dugu, baina orain azterketa gainditu behar dugu»

Gaizka Garitanok Granadan lortutako berdinketa bere taldearen ibilbidean inflexio puntu bilakatzea espero du.

Aspaldian bilatutako helburua lortu zuen Eibarrek Granadan. Bi aste beranduago, Los Carmeneseko puntuari balioa emateko unea heldu da. Gorri-urdinen ibilbideak behar zuen «inflexio puntua bilakatzeko» unea.

Horregatik, berdinketa hark taldearen egoera hobetu bai baina, batez ere, bere hurrengo norgehiagokaren garrantzia areagotu du. Rayoren aurkakoan dinamika aldatu dela erakutsi behar dute armaginek, beren buruari batez ere, garaipenak sailkapenean izango lituzkeen ondorioak ahaztu barik, noski. «Oso garrantzitsua da –onartu du Gaizka Garitanok–. Ea Granadan gertatu zenak bultzada bat ematen digun, inflexio puntu baten gisa. Puntu bakar bat izan zen, gutxi dirudi, baina guretzat asko izan zen, aurkari zuzen baten aurka lortu genuelako, gainera bolada txarrari bukaera emanez. Ostiraleko partidak beste urrats bat eskatzen du. Gero eta gutxiago geratzen da Liga amaitzeko eta badakigu partida bakoitzak asko kendu eta eman dezakeela». Ezin dira oraindik, ildo horretan, neurketak finaltzat hartu, «irabazten badugu borroka berean jarraituko dugulako eta galduz gero ere, borrokan jarraituko dugulako», baina marjinak txikiagotzen doazen heinean, urrats bakoitzaren transzendentzia gorantz doa. «Hamar partida besterik ez dira falta amaitzeko. Garaipen bakoitza oxigenoa da eta porrot bakoitza, alderantzizkoa. Gainera, kasu honetan, etxean jokatzen dugu eta aspaldian ez dugu partidarik irabazi. Oso garrantzitsua da», azpimarratu zuen.

Ohiko baikortasunaz ekingo dio entrenatzaile bizkaitarrak hain erronka erakargarriari. Ondo neurtutako baikortasunaz, hobeto esanda; aurrekariek, sentsazioek, animoek eta hotsandiko esaerek ez baitute askorako balio baloia dantzan jartzen denean. Liburuak irenstea, azken finean, ez da nahikoa ikasturteak gainditzeko. «Neuk ondo ikusten dut taldea, baina ostiralean ikusiko dugu benetan ondo dagoen ala ez. Azterketekin gertatzen den bezala, ikasitakoa azterketan erakutsi behar da. Neu ere ikaslea nintzenean amari asko ikasten nuela esaten nion, baina gero ez nuen nota onik ateratzen. Gu ondo gabiltza lanean, baina gero azterketa egunean ikusi behar da hobekuntzak egon diren». Edozein kasutan, errazagoa da bikainera heltzea gogotik lan eginez eta, ildo horretan, bide zuzenetik doa Eibar. «Atzo, adibidez, denboraldiko entrenamendurik onenetarikoa egin genuen. Baina ez da matematikoa; egon dira aste batzuk hain ondo entrenatu ez garena eta gero partida ona egin duguna», onartu zuen. Baina «baikor naiz, bai. Taldea oso ondo entrenatu da, fisikoki puntu bat gehiago dauka, animoz oso ondo dago, oso giro ona dago...». Gainera, armaginek badakite zertan hobetu behar duten batez ere, eta horretan zehazki lan egiteko aukera izan dute azken bi asteotan. «Baloiari gehiago eustea eta baloia hobeto mugitzea. Eraso jokoa hobetu beharra daukagu. Aurrelariak ipintzen ditugu, baina denon artean lortu behar dugu. Lehen itzulian golak sartu genituen, baina bigarrenean bi besterik ez. Distiratxo hori falta zaigu, horma bat, jaurtiketa bat, txinparta hori...».

Rayoren kontra aurkitu beharko du Eibarrek. Ez da edonolako helburua, gehiengo batek madrildarrek gaizki defendatzen dutela pentsatu arren. «Gol asko jaso ditu, baina partida gutxitan. Atea guk baino gehiagotan utzi du hutsean, ondo defendatzen dutelako». Eta gainera, oso eraso arriskutsua dauka. «Erasoko joko ona dute, jende ona, jende askorekin jotzen du erasora... Partidan zehar beti daude euren jokoa gelditzea ia ezinezkoa den faseak». Rayo, izan ere, «ispilutzat» hartzen du entrenatzaileak, «ondo jokatzen duen, protagonista den eta puntuak lortzen dituen talde apala baita».

Garitanok, azkenik, zaleen berotasuna sentitzea espero du baina, batez ere, zaleak berotu ahal izatea. «Ez da eskatzeko unea, ematekoa baizik. Eman. Guk eman behar diegu beraiei, zelaitik transmititu eta merezi duten garaipenarekin disfrutatzeko aukera eskaini».

Manu eta Navas, jokatzeko aukerekin

Lehiaketaren etenaldiak etekinak eman diezazkioke Eibarri. Garitanoren eskemetan ezinbestekoak diren Raul Navas eta Manu del Moral min hartuta itzuli ziren Granadatik, baina bi aste osatze lanetan eman ondoren, bihar jokatzeko prest egon daitezke.

Entrenatzaileak azaldu zuenez, gaurkoa izango da erabateko proba. «Aste honetan entrenatzen hasi dira, bere kabuz nahiko lan egin ondoren. Bihar (gaur) taldearekin batera entrenatuko dira eta, beren sentsazioen arabera, erabaki bat hartuko dugu», adierazi zuen Garitanok, inongo kasutan ez duela beren parte hartzea behartuko azpimarratuz. «Ondo badaude, jokatzeko aukerak izango dituzte. Bestela, inoiz ez ditut jokalariak arriskuan jartzen. Zalantza txikiena ere izanez gero, beren onenean ez badaude, ez dute jokatuko. Partida hau, gainera, exijentzia handikoa izango da eta ez dut sartuko ondo ez dagoena», azaldu zuen.

Bi hauek gaurko proba gainditzen badute, apendizitis ebakuntzatik errekuperatzen diharduen Angel izango da Rayoren aurkako neurketarako hutsune bakarra, zigorra amaitu ondoren Borja Ekiza berriro jokatzeko prest egongo baita. A.U.L.