Jon GARMENDIA
SARA

Euskaldunak eta I. Mundu Gerra izanen ditu ardatz Sarako Idazleen Biltzarrak

22 argitaletxe, 26 elkarte eta 113 idazle bilduko ditu Sarako Idazleen Biltzarrak apirilaren 6an. Lehen Mundu Gerra izanen da protagonista nagusia. Aurten ez da omendurik.

Hurrenez hurren edizioak pilatzen ari da Sarako Idazleen Biltzarra, aurten hogeita hamabigarrena sartuko baitu euskal literaturaren zakuan, eta urteez gain, argitara ekarritako liburuak ere biltzen jarraitzen du zaku horretan. Biltzarra bazko astelehenez ospatzen da Lapurdi hegoaldeko herri horretan, eta Euskal Herrian bizi diren idazleen parte-hartzea bultzatzen du, baita Euskal Herriaz mintzo diren liburuena ere, euskaraz izan ala ez. Aurtengoan 113 idazle bilduko dira Sarako kiroldegian apirilaren 6an, eta argitaratu dituzten azken lanak publikoari eskaintzeaz at, haiek sinatzen ere ibiliko dira. Goizeko hamarretatik arratsaldeko seiak artean izanen da zabalik azoka, berrikuntzak ikusteko zein erosteko parada izanik. Goizeko txanda Euskaltzaindiarena izanen da, 10.45etik goiti Henri Duhauk “Bahnar deitu salbaiak” aurkeztuko du, Txomin Peillenek “Mongongo Dassanzaren albaitaritzako idazlana (1692-1892)” eta Zaika Nataliak ipuin tradizionalen konparatiba bat. 11.30ean, Eneko Bidegainek “Lehen Mundu Gerra eta Euskal Herria” liburuaren nondik norakoak agertuko ditu, Gerra Handia izanen da aurtengo biltzarraren ardatza eta Bidegainena ez da gai honi lotutako liburu bakarra, Patri Urkizuk ere bere “1914-1918 Lekukoak” aurkeztuko baitu eguerdian. Tartean, itsasoari lotutako guztiarekin Lapurdiko kostan lan itzela egiten duen Itsas Begia elkarteak “Euskal itsas ondarea” izanen du aztergai; Akitaniako museoak bultzatu duen lana Marie-Pierre Galarraga, Christian Ondicola eta Jean-Marc Ospital ikerlarien eginahalari esker iritsiko da irakurleen eskuetara. Marikita Tanburinek bi saiakera dakartza argitara, eta biltzarra ospatzen den herriari eskaini zaion “Sarako etxeak” liburuak jakin-mina piztu du inguruan. Dominique Duplantier izan da aipatu liburuarentzat marrazkiak egin dituena, eta testuak Odile Contaminek idatzi ditu. Arratsaldeko egitarauak haurrak izanen ditu protagonista, haientzat prestatutako bi tailer izanen baitira, Delphine Goyenecheren eskutik “Galtzerdi marradunak” eta Paxkal Burgoinenetik “Hiru bidaiariak”, “Behruz”, eta “Katilua” biltzen dituen “Dutea” trilogia. Halaber, egun osoan izanen da ikusgai Zuberoako Ikerzaleak elkarteak eta Baionako Euskal Museoak prestatu duten erakusketa “Zer gelditzen da Gerla Handiaz?”. Azkenik, aipatu behar da aurten ez dela aparteko omendurik, bi urtez behin banatzen baitute sari hori.