GARA
KABUL

Hamasei hildako eragin ditu Afganistanen eraso suizida batek

Gutxienez hamasei hildako eta dozenaka zauritu eragin zituen atzo Afganistango ekialdean dagoen Jost hirian egindako eraso suizidak.

Bertako hedabideek eskainitako informazioaren arabera, Abdul Jabar Naeemi Jost probintziako gobernadorearen aurkako manifestazio bat egiten ari ziren erasoa jasan behar izan zuten herritarrak, agintariaren ustelkeria salatzeko. Une horretan kamikaze bat sartu zen jende artean eta soinean zituen lehergailuak eztandarazi zituen. Erasoa ez du oraindik inork bere gain hartu. Talibanek adierazi zieten nazioarteko berri agentziei beraiek zerikusirik ez dutela erasoarekin.

Josteko agintariek jakinarazi dute hildakoen artean Homayoon Homayoon parlamentaria dagoela, Defentsa Batzordea zuzentzen duen politikaria.

Jost probintzian Haqani sarea da nagusi, zibilen aurkako erasorik egiten ez dituzten talibanak alegia, Afganistango segurtasun indarrak izaten baitira beren jomuga.

Bestalde, joan den asteazkenean Helmand probintziako Greshk barrutiko poliziaburua hil zuten bere ibilgailuan ipinitako lehergailu batek eztanda egitean. Helmanden oso indartsu daude talibanak.

NBE Nazio Batuen Erakundeak otsailean eskaini zituen datuen arabera, Afganistango gatazkak biktima ugari eragin zituen 2014an: ia 3.700 zibil hilda eta 6.850 zaurituta, 2013an baino %22 gehiago.