Estibalitz EZKERRA
Literatur kritikaria

Kaligula

Aljerian antzeztua izateko idatzi zuen Albert Camusek “Caligula”, baina gerraren ondorioz Parisen estreinatu behar izan zuen. Boterearen gaineko gogoeta den lanak antzinako Erroma garaiko Kaligula du protagonista, buruzagi gupidagabea izateagatik gogoratua den enperadorea. Dena den, antzezlana irakurtzen hasi eta berehala argi geratzen da antzinako gobernu ereduak baino gehiago gaur egun ditugunak dituela hizpide “Caligula”-k.

Zehazki, estatuak berezkoa duen indarkeriaz mintzo zaigu, hiritarren segurtasunerako ezinbesteko (ezinbesteko?) dena baina gauzak gaizki doazenean inork bere gain hartu nahi ez duen ardura. Kaligulak esaten duen bezala, patrizioek nahi zuten bera zesar izatea haien interesak babes zitzan. Kontsentsuan oinarrituriko harremana da haiena, estatuaren eta herritarren artekoa den bezala. Zentzu horretan, Kaligularen ekintzak menpean dituenen oniritzian oinarritu eta oniritzitik abiatu egiten dira. Eta horra paradoxa: enperadoreak, estatuburu den aldetik, bere boterea patrizioen kontra zuzentzen duenean, orduan ere kontsentsuzko harremanaren izenean egiten du. Patrizioek Kaligula erotu egin dela iritzita hura akabatzea erabakiko dute. Kaligulak, baina, estatuaren benetako aurpegia erakutsi besterik ez die egin: hark du indarkeria modu zilegian erabiltzeko eskubidea, eta hau posible da herritarrek estatuarengatik espero duten babes eta askatasunagatik. Hala izango da herritarrek sistema aldatzen ez duten arte. Behekoek egin behar dute hori, ez goikoek.