Joxemari CARRERE
Ipuin kontalaria

Urregorria

Ulauk, ekialdeko tartariarren Jaun Handiak, 1255. urtean Baudac hiria hartu zuen bertako Kalifa menperatuz. Agintari zekena zen Kalifa, bere jauregiko dorrean zituen urre, zilar eta hamaika altxor ez xahutzeagatik gerlariak ordainduz, hiria galdu zuen. Ulauk, halako zekenkeriarekin haserre, dorrean itxiarazi zuen, hainbeste maite zituen aberastasunak baino ez zituela janari eta edari. Handik lau egunetara gosez hil zen. Halaxe kontatzen da Marco Poloren “Gauza liluragarrien liburua”-n.

Midas Frigiako erregea izan zen k.a. VI-VII. mende artean. Dionisok, Sileniori emandako harreragatik, ukitzen zuen guztia urre bihurtzeko ahalmena eman omen zion. Arazoa etorri zen ukitu orduko janaria bera urre bihurtzen zenean. Ahalmen hori kentzeko eskatu zion jainkoari. Pactolo ibaian sartuta lortu zuen.

Aspaldiko kontuak dira hauek. Errealitatea eta irudimena nahasten dituztenak. Bi istorioek antz handia dutela nabaria da. Agian, egiazkoa bezala Marco Polori kontatu zioten pasartea, ez ote zen Midasen istorioan oinarrituko? Izan ere, Midas Baudac gertuko lurraldeetan izan baitzen errege, hainbat mende geroago Marco Polok korrituko zituenak.

Kontalariak gauza liluragarrien liburua dauka bere hitzetan. Errealitatea eta irudimena nahasiko ditu, entzuleari bidaia zoragarrietara gonbidatuz. Mundua konta dezagun.