Maider Iantzi
Kazetaria
IKUSMIRA

Hainbertze zor diegu

Begietan iltzatua dut bertatik bertara ikusitako lehenbiziko prospekzioa; joan den ostegunean, Ezkaba mendiaren magalean, Berriozarren. Era berean, iltzatuak ditut San Kristobal presondegi frankistatik ihesean harrapatu eta fusilatu zituzten bost lagunen hobiaren inguruan bildu ziren begi desberdinak. Zuhaitzen babesean, pala handiaren hortz zorrotzek lurra ausikitzean egiten zituzten mugimendu mekanikoei begiratzen zieten, eta, lur usaina arnastuz, aztarnak aztertzen zituzten Aranzadiko teknikarien ondora makurtzen ziren.

Han ziren bi gazte amarekin, lanak interes handiz segitzen eta, enbor bihurriak bezala, helduei heldulekua ematen. Han zen herriko historialaria, oraingoz historia liburuetan kabitzen ez diren gertaerak berreskuratu dituena. Eta han zen protagonista umila, fusilaketen lekuko bizia, Juanito Urdaniz, esku batekin bastoiari eta bertzearekin zuhaitzari helduta tinko, hezurrak non bilatu azaltzen. 13 urteko bere begiek ikusi zutena 90 urtekoetan erreproduzitzen da orain.

A ze poza lurra altxatu eta berehala, Juanitok errandako lekuan lehen hezurrak agertzean!

Hilketa hauetatik 77 urte pasatu izanak iradokitzen du gure aitzineko belaunaldiek hezurretaraino sartua zuten ikararen neurria, aunitzek hobira eraman behar izan duten sekretuaren tamaina, eta, bestalde, instituzioek sekretuari eusteko eta, are gehiago, gezurra zela sinetsarazteko egin duten ahalegina. Ez dut imajinatu nahi arbasoek pasatu behar izan zutena, baina jendearen babesa ikusi eta sentitzen dut, baita indarra ere lurrak mugitu eta lehen egin ezin izan ziren omenaldiak egiteko. Hainbertze zor diegu.