Iruñean euskarari arnasa eman nahi dio EH Bilduk, UPNren ito nahiei erantzunez
Azken urteotan UPNk Iruñean euskara itotzeko egin dituen ahaleginen aurrean, EH Bilduk oxigenoa emateko asmoa du. Helburu horrekin, Iruñean Euskaraz proiektua aurkeztu dute Joseba Asiron eta Patricia Peralesek, talde abertzalearen udal zerrendan lehen eta bigarren postuan dauden hautagaiek.
Gogoratu zutenez, «UPNk euskararen araudia urratuz euskararen kontrako politika aktiboa garatu du. Udal webgunea eta hiriko hizkuntza paisaia horren adibide adierazgarriak dira. UPN, obsesio osoz, euskara ikusezin egiten saiatu da».
Honen aurrean, EH Bilduk «euskara hizkuntza ofizial gisa berreskuratzea, gaztelaniaren aukera berdintasunean, euskararen ezagutza eta erabilera hiriko eremu guztietan bultzatuz, publiko zein pribatuan. Helburu nagusia hiritar guztiei osotasunean eta era normalizatuan euskaraz bizitzeko eskubidea bermatzea da».
Horretarako, euskararen normalizazio linguistikorako plan bat martxan jarriko duela iragarri zuen EH Bilduk, «Iruñean euskararen alde garatzen diren esfortzu guztiak antolatu eta koordinatzeko helburuarekin. Honek hizkuntza honen irakaskuntza edo sustapenerako lanean dabiltzan entitate, talde eta erakundeekin adostuak izango diren ekimenak jasoko ditu».
Horien artean, euskararen ordenantza berria aipatu zuten, aurrekoari murriztutakotik parte garrantzitsua berreskuratzen duena. Auzoetan euskalgintza eta euskarazko ekimenak bultzatzeko ere plan bat jarriko da martxan. Honekin batera, euskararen ezagutza bultzatzeko aurrekontuetako partidak handitu nahi dituzte. Egungo paisaia linguistikoaren azterketa eta eraldaketa progresibo bati ere ekin nahi diote, euskararen presentzian berdintasuna bermatzeko.
Hezibide proiektua
Honekin batera, kalitatezko hezkuntza sistema publikoa indartu nahi du EH Bilduk Hezibide proiektuaren bidez.
«Bere tarte guztietan oinarrizko eskubide gisa babestu eta defendatzea da proiektu honen helburua, hiri osoan hezkuntza ereduaren hautua berdintasunean egiteko aukera emanez», gaineratu zuten.

Grandes corporaciones han acogido a agentes de las «cloacas del Estado»

La marcha de Tubilla destapa la enorme marejada en las filas del PNV

Ordenaron parar citas con casos de Iztieta y hubo peticiones de silencio

«Necesitamos la foto más completa posible de la tortura sistemática»
