GARA

Euskal Herria eta Katalunia musikan ere elkartuta

Musika ere izan daiteke adiskidetasun, elkarren ezagutza eta nazioen arteko elkartasunerako topagune. Hori da, hain zuzen, Euskal Herriaren eta Kataluniaren arteko elkarkidetasun eta hartu-eman kulturalaren ekimen berriaren xedea.

Lehen fruitua, disko formatuan, asteburu honetan bertan ailegatuko da Euskal Herriko kioskoetara GARAren bidez, eta eskuragarri izango da era esklusiboan eta oso prezio berezian (5,95 euro).

“Catalunya Euskal Herria” da CDaren izenburua, eta bertan batzen dira bi herrialdeetako zortzi talde, bina abestirekin. Euskal Herritik, Vendetta, Korrontzi, Hesian eta Itziarren Semeak, eta Kataluniatik, Buhos, Els Catarres, La Señora Tomasa eta Txarango taldeek osatzen dute diskoa.

Ekimen hau bi herrietako disko-etxe eta musika management enpresen lankidetza proiektu baten adierazpena da. Muga fisiko eta geografikoak gainditzeko asmoz eta punta-puntako musika ekoizpena zabaldu eta sustatu nahian, bi herrialdeetako enpresek beren ahaleginak batu dituzte egitasmo honetan. Proiektu honen bultzatzaileen artean, Baga-Biga euskal enpresa eta Musica Global, Sonde3, Exits, Kasba eta Discmedi katalanak daude, eta bi herrialdeetako taldeen kontzertuak, truke eta kooperazioak, diskoak, promozioak eta komunikazioa dituzte helburu.

Oraingoz, lehen emaitza asteburu honetan izango da Euskal Herriko kioskoetan GARAren eskutik. Rock, ska, punk eta folka, bi nazioen arteko adiskidetasunaren adierazgarri.