Maider EIZMENDI

Pagoeta lorez jantzita

Hamahirugarren ediziora iritsita, gaur abiatuko da Iturrarango Lorategi Botanikoan txokoa hartuta, Landare Berezien Azoka. Bi egunez, lorategiaren inguruak ohi baino koloretsuago eta usaintsuago agertuko dira gerturatzen diren bisitarien zentzumenetara.

Alerik hoberenak hartuta, aurtengoan 47 landare mintegi elkartuko dira bi egunez Aiako eremu paregabe honetan. Gustu eta behar desberdinei erantzuteko gai den eskaintza batuko da, kontinente guztietako landareak izango baitira. Ezezagunak gehienak, erosi eta etxeko lorategi edota balkoietan jarri eta zaintzeko gonbita egiten diete landarezaleei saltzaileek eta azokako antolatzaileek.

Azokaren baitan bestelako ekimenak ere antolatu dira. Iturrarango Parketxeko eraikinean egingo dira hitzaldi eta erakustaldiak bi egunetan eta Aiako plazan eta igandean, berriz, landareekin zerikusia duten produktuen erakusketa eta salmenta eta etxeko txikienentzako txokoa.

Urtez urte azokara gerturatzen den jende kopurua gehitzen doa eta askorentzat urteroko zita bilakatua da, baita Euskal Herritik kanpoko bisitari zenbaitentzat ere.