Jon GARMENDIA
Idazlea

Atsolorra

Atzo ospatzen zutela Atsolorra, Ereñotzun, Hernanitik kilometro gutxira, Goizuetako bidean. Azken bi gauzak ez zizkidan erran, horiek, irakurleak kokatzeko idatzi ditut nik; Ereñotzu munduaren bihotz dela uste baitu bertako batek, edo gutxienez, mundu osoan ezaguna den ingurune. Beti izan da Hernaniko auzo, baina orain bost urte Toki Entitate Txiki izendatu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta honela, beren lurraldea modu deszentralizatuan kudeatzeko aukera dute ereñotzuarrek. Auzo udala osatu zuten, eta galtzen joan diren ohitura zahar asko berreskuratzeko saiakeran dabiltza geroztik, baita auzolanaren filosofia bera ere. Badira hiru urte Atsolorra ospatzen dutela, aurreko urtean jaio diren haurrei ongi etorria eman eta festan elkartzeko. Aspaldiko kontua omen da Atsolorra, «atso» eta «lorpen» hitz elkarketatik datorrena, toki batzuetan, amak, jaio berria auzokideei aurkeztu eta haren etorrera ospatzeko baliatzen zena; meriendan biltzen ziren andrazkoak, eta, txokolate beroa, haragi ona, eta gozoki desberdinak janda, sagardo eta ardoa edanda egiten zuten festa. Beste toki batzuetan, haurra eduki zuenari laguntzeko elkartzen ziren inguruko emakumeak, etxeko lanak egin edo beste haurrak zaintzeko ama osatu artean, halere, istorioak amaiera bera zuen, festan biltzen baitziren. Atzo, ohitura arkaiko bat berreskuratu ordez zoriontsu bizitzeko beharrezkoa dugun jendarteko harremana berreskuratuko zutela esan zidan lagunak. Eta hori, Facebooken loraldi betean. Hor, Ereñotzura bizitzera joateko gogoa piztu zitzaidan, hainbeste homogeneizazio eta globalizazioren erdian, ia, nor garen ere ahaztu baitzaigu beste toki batzuetan.