SAN PRUDENTZIOK EZ DU PIXARIK EGIN AURTEN
SANTU PIXONTZIA DEITZEN DIOTE SAN PRUDENTZIORI ARABATARREK, URTERO-URTERO EURIA EGITEN DUELAKO BERE OMENEZ OSPATZEN DUTEN FESTAN. AURTEN EZ DA HAIN GAIZKI PORTATU ETA, NAHIZ ETA AURREKO EGUNETAN ZAPARRADAREN BAT BOTA, ERROMERIA EGUNEAN ATERI EGON ZEN. ARMENTIAKO ZELAIETAN ETZATEKO AUKERA IZAN ZUTEN.

Milaka gasteiztar elkartu ziren atzo Armentiako zelaietan San Prudentzio patroiaren ohorez. «Santu pixontzia» deitzen diote, xamurtasunez, urtero garai honetan euria egiten duelako, baina hori ez da aitzakia etxean gelditzeko. Egia da ospakizunaren lehen egunean euria egin zuela, baina atzo ateri zegoen eta egunaz are gehiago gozatzeko lagungarria izan zen hori.
Txikitatik bizi ohi dute gasteiztarrek ohitura hau, barrenean dute gorderik herrialdeko patroia, baita bereziki fededun ez direnek ere.
Festa astelehenean hasi zen atabalariak eta tronpetistak kalera irten zirenean, ileorde eta guzti, erretreta jotzeko. Burutik ezabaezina den erretreta horrek feria laster hasiko dela iragartzen du.
Hala, atzo jendea Armentiara gerturatu zen produktu tipikoak dastatzera, batez ere barraskiloak eta perretxikoak. Bertan jateko prest zeuden, baina nahi zutenek etxera eraman zitzaketen potoetan. Trebeenek, aldiz, eurek biltzea nahiago dute eta etxean prestatu. Beste edozein feriatan egoten diren jakiak ere bazeuden: taloak eta ogitartekoak. Gainera, 3.000 txoripan solidario jarri zituzten salgai euro batean.
Goizean zehar postuak ikusteaz eta askotariko gutiziak erosteaz gain, beste aukerarik ere bazen. Hainbat jarduera izan ziren, tartean, Gasteizko gotzainak eskainitako meza. Azken batean, santu bati eskainitako ospakizuna da San Prudentzio! Arratsaldean haurren danborrada atera zen kalera.
Arabatarrek beste ospakizun egun bat izango dute datorren ostiralean, herrialdeak bi zaindari ditu-eta: San Prudentzio eta Estibalizko Andre Maria. Bigarren horren eguna ospatuko dute maiatzaren 1ean. Egun horretan ez dira Armentiako zelaietara joango, Argandoñako santutegi erromanikora baizik, beneditar monjeek zaindua.
Urrezko dominak
Arabako diputatu nagusiak, Javier de Andresek, San Prudentzio jaia aprobetxatu zuen profesionalak ez diren Arabako futbol taldeak omentzeko. Hala, hamar urrezko domina banatu zizkien «esfortzua, elkartasuna eta konpromisoa» bezalako balioak zabaltzeagatik egiten duten lana txalotuz.
Aurten domina jaso duten taldeak honakoak dira: Alipendi C.D. (1926); C.D. Laudio (1927); C.D. Aurrera de Vitoria (1935); C.D. Vitoria (1945); Amurrio Club (1949); C.D. Nanclares (1960); Abetxuko A.D.C. (1962); San Ignacio C.F. (1964); S.D. Salvatierra (1964); eta Racing de Santo Domingo (1964).
Sarituen izenean Alipendiko presidenteak, Juan Luis Antiak, hartu zuen hitza. Honek babes handiagoa eskatu zuen erakundeen partetik profesionalak ez diren klubek zailtasunak izaten dituztelako aurrera ateratzeko. Hori dela-eta, eta hauteskundeak gertu daudela kontuan hartuta, hurrengo ahaldun nagusiak laguntza gehiago eman dezala eskatu zuen.

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra
