Amalur ARTOLA
DONOSTIA

«Bobby Sands», laiotzetik itzulitako biografia gordin bezain gizatiarra

Lau eskutara eta Bois d’Arcy-ko espetxean itzulitako liburua da «Bobby Sands. Martxa baten lehen notak». Jurgi Garitagoitia eta Aitzol Iriondo preso politikoek ekarri dute euskarara Denis O’Hearnek 2006an idatzitako biografia eta, 500 orrialdetan zehar, 66 eguneko gose grebaren ostean Long Kesh kartzelako ospitalean hil zen gaztearen hurbilketa gizatiarra egiten du. «Uste duguna baino gutxiago dakigu haren bizitzaz», ziurtatu du Mitxel Sarasketak.

«Euskal presoez nortzuk diren eta zer leporatu dieten jakiten dugu, ez dakigu nortzuk diren zentzu humanoan», hausnartu zuen Mitxel Sarasketa preso ohiak “Bobby Sands. Martxa baten lehen notak” liburuaren aurkezpenean. Denis O’Hearnek idatzi eta Estatu frantsesean preso dauden Aitzol Iriondo eta Jurgi Garitagoitiak euskarara ekarri duten biografia honen bidez 1981. urtean 66 eguneko gose grebaren ostean bizia galdu zuen irlandar gaztearen «ikuspegi sakonago eta barnekoagoa» eskuratu duela ziurtatu zuen Sarasketak. «Pertsona baten bilakaera ikusten da; hau ez da Bobby Sandsen heriotzaren gaineko liburu bat, bizitzaren gaineko liburua da».

Azken 40 urteetan Irlandako mugimendu errepublikanoaren ikur eta unean «IRAko presoen buruzagi» izateaz gainera, Sands idazlea, abeslaria eta poeta ere bazela ekarri zuen gogora Txalapartak argitaratutako liburuaren aurkezpenean parte hartu zuen Sinn Feineko Dublingo zinegotzi Eoin O’Broinek: «Helburuekiko atxikimendua izateaz gainera berezko liderra zen, lehenengo pausoa emateko prest zegoena». Hala, Margaret Thatcher-ek presoak «errepublikanoei min egiteko» erabili nahi izan zituenean ziegetan zeuden gizon-emakumeek euren burua «frontearen lehen lerroan» ikusi eta erantzuten hasi zirela ekarri zuen gogora. «Altzairurik, libururik edo aisialdirako gutxieneko tresnarik gabe utzi zituen. Ondoren komunak erabiltzea debekatu eta garbiketa pertsonala oztopatu zieten. Egoera gogor horretan, geratzen zitzaien arma bakarra gose greba egitea zela erabaki zuten». O’Broinen hitzetan, euren eskubideen defentsaz gainera «herri baten integritatea eta duintasunaren alde bizia eman zuten» eta horrekin Tatcherren «kriminalizazio estrategia» desegitea lortu zuten.

Egileak Sandsen borroka konpartitu zuten kideekin, lagunekin eta senideekin elkarrizketa luzeak izan dituela ziurtatu zuen O’Broinek eta pozik agertu zen liburua euskaraz irakur daitekeelako: «Zaila da Sandsek zer pentsatuko zuen jakitea, baina ziur nago berarentzat ohore izango zela bi preso politikok euren hizkuntzara eraman izana. Gobernu espainol eta frantsesek, batez ere lehenak, modu eskasean tratatzen ditu presoak eta liburu hau momentu egokian datorrela uste dut».

Gizakiaren mailarik gorena

Garitagoitiak eta Iriondok, euren senideek irakurri zuten oharraren bidez, eskerrak eman zizkieten liburu hau posible egin duten denei eta itzulpena «gure oihua» bilakatu dutela ziurtatu zuten: «Kartzelari egunero aurre egitearen borroka gogorra izanik beste irtenbiderik ez dagoela iritzita, gorputza armatzat hartuta odolez gure mezuak idatzi ditugu ziegaren paretetan. Ez dago irakaspenik, ez dago leziorik liburu honetan, elkartasuna dago, konplizitatea dago, maitasuna dago eta bizitza dago. Barrote artetik oihu egiteko beharra ikaragarria delako».

Irlandako presoek egindako borroka ere izan zuten hizpide: «Laiotzaren itzalean antolatutako protesta bat tamaina horretara eramatea bera bakarrik arrakasta izan zen, gizabanakoaren mailarik gorenera iristea lortu zutelako».