GARA
DONOSTIA

Indarkeria sexistaren biktimen arreta hobetu du Gipuzkoak

Gipuzkoako Foru Aldundiak indarkeria matxistaren biktimenganako arreta indartu, eta tratu txarrak jasaten dituzten emakumeei zerbitzu berriak eskainiko dizkie, besteak beste, talde terapiak, arreta soziojuridikoa edo esku-hartze psikosoziala. Aurrekontua %60 igo, eta tratamendu osoa eskainiko diete. Ahalduntzen eta indarkeriari aurre egiten lagunduko diete hainbat esparrutatik, legea, psikologia, familia, babes neurriak eta kontzientziazioa kasu.

Legealdi osoan egindako hausnarketa, hobekuntza eta zerbitzuen berrantolaketa prozesuaren emaitza da Gipuzkoako Foru Aldundiak atzo aurkeztu zuen eredu integratu eta indartu berria. Ander Rodriguez Gizarte Politikako diputatuak plazaratu zuen, Laura Gomez Berdintasuneko zuzendaria eta Euken Barreña Indarkeria Matxistaren Arretarako zuzendaria lagun.

Diputatuak azaldu zuenez, gizon eta emakumeen arteko desberdintasunaren aurkako borroka lehentasuna izan da legealdi osoan, eta indarkeria matxista desberdintasun horren muturreko espresioa da. Hala ere, bazen hainbat gabezia zerbitzu horretan, eta biktimei ezin zizkieten eman arazoari osoki aurre egiteko baliabide guztiak. Izan ere, ez zeuden emakumeen ahalduntzeari begira.

Hausnarketa horretatik jaio da eredu integratu berria. Honek hainbat baliabide eskaintzen ditu, adibidez, arreta soziojuridikoa. Hemen sartzen dira lege informazioa eta aholkularitza (zuzenbideaz, babes neurriez, doako justiziaz edo zuzenbide zibilaz, dibortzioaz esaterako). Bakarkako arreta ere bai, adituek pertsonalki emandakoa.

Arreta psikologikoa da beste zerbitzu bat. Saio terapeutikoak dira, emakumeentzat eta seme-alabentzat. Era esperimentalean hasiko dituzte Donostialdea, Debabarrena eta Bidasoa-Oarsoaldean. Gero lurralde osora zabalduko dituzte.

Esku-hartze psikosozialeko zerbitzua ere abiatuko da zentroetatik pasatu diren lagunei jarraipena egiteko. Arreta emango die hainbat arrazoirengatik indarkeria ingurunea uzten ez dutenei (segurtasuna, kontzientziazioa eta laguntza).

Harrerari dagokionez, Gipuzkoan emakumeak artatzeko bi zentro daude, hogei plazarekin, bat urgentziazko harrera egiteko eta bestea egonaldi luzeagoetarako. Orain, autonomia pisuak jarriko dituzte martxan, autonomia handiagoko bizitza hasten dutenentzat.