Atzerritarrak ere, festaren parte
Maroko, Senegal, Mauritania, Mali eta Saharako jaki eta edariak dastatu ahal izango dituzte beasaindarrek Loinatz jaietako igandean izango den Afrikaren Egunean. Mozambikeko perkusio eta dantzak eta kaligrafia tailerra ere antolatu dituzte. Helburu nagusiak kulturaniztasuna aitortzea eta atzerritarren gizarteratzean laguntzea dira.

Herri bati nortasuna herritarrek ematen diote eta errealitate bat da gero eta anitzagoak eta desberdinagoak direla horiek. Migrazioek jendea nahastea eragiten dute eta horren ondorioz sortzen den kulturaniztasuna baliotzat hartzen dute Goierrin aritzen den Bategite elkarteko kideek. Beasainen 2.000 atzerritar bizi dira eta 40 herrialdetik datoz. Herriko festak direla-eta, horiek ere ospakizunen parte direla sentiarazteko egun berezi bat antolatu du elkarteak maiatzaren 17rako.
Duela zazpi urte eratu zen Bategite eta ordutik, urtean zehar, ekintza ugari egiten dituzte. «Udaletxeak diru laguntzak ematen dizkigu ikusten duelako gauzak antolatzen ditugula. Duela gutxi sekulako lokala eman digu», azaldu zigun Pitxu Urretabizkaia elkarteko kideak.
Hori dela eta, pauso bat harago eman eta herriko festetan Afrikaren Eguna antolatzen hasi ziren duela bost urte egitarau ofizialaren barruan. «Maiatzean Afrikaren Nazioarteko Eguna da –hilaren 25ean– eta nola Beasaingo jaiak ere maiatzean diren zerbait berezia egitea okurritu zitzaigun», esan zuen. Honela, etorkinak festaren parte izatea lortzen dute eta, era berean, euren kulturak gainerako herritarrei erakustea integrazioa errazteko.
Jakiak eta dantzak
Afrikaren Eguna igandean ospatuko dute arratsaldean Loinazko San Martin plazan. Marokoko, Maliko, Mauritaniako, Senegaleko eta Saharako produktu tipikoak eskainiko dituzte, herritarrek eurek prestatutakoak. Adibidez, sahararrek te berezi bat prestatuko dute eta maliarrek jengibrez egindako jakia eskainiko dute. Marokoarrek, gainera, kaligrafia tailer bat jarriko dute, non gerturatzen direnen izenak arabieraz idatziko dituzten kartulinetan.
Hala ere, Urretabizkaiaren ustez, ikusmin handiena musikak pizten du. «Normalean danborrak jotzen dituzte eta emakumeek dantza egiten dute, eta jendea dantzatzera animatzen dute. Lehenengo urtean 85 pertsonako talde bat ekarri genuen eta jendeari atentzioa eman zion. Musika mota hau gutxitan entzuten da eta horregatik inpaktu handia dauka. Jende askok zoriontzen gaitu honelako gauzak antolatzeagatik», zioen. Horregatik, aurten Mozambikeko Artebixu perkusio eta dantza talde gonbidatu dute.
Honelako ekimen xume baina deigarrien bidez beasaindarren elkarbizitza hobetu nahi du Bategite elkarteak eta Urretabizkaiak uste du lortzen ari direla.

Irainak txapeldunari bere hizkuntza erabiltzeagatik

«Usaban a Dios para someter a las internas, para meternos miedo»

La RDC registra el peor desastre minero del mundo en 60 años

Un vídeo prueba el disparo directo a Iker Arana, que perdió un testículo
