Maider IANTZI
BERMEO

Jaia, kultura eta kontserba lantegiak aliatu dira Bermeon

Alde batetik, Bermeoren ezaugarri den arrantzaren munduaren eta kulturaren hedapen eta aitortza; bestetik, herritarrek beti gogotsu hartzen duten jaia, udaldiko lehendabizikoa. Elkartuta lortzen dute gaurtik igandera izango den Arrain Azoka hain zaporetsua izatea.

Bermeoko XXI. Arrain Azokak “Arrainari gustua hartzen” leloa du, gure etxeetako sukaldeetara hurbildu eta umetatik jaki hau kontsumitzeko ohitura zabaldu nahi dutelako. «Gozoa eta osasuntsua da eta, aldi berean, gure kostaldeko arrantzaleen onurarako da», defendatu du Idurre Bideguren alkateak.

Arrainaren ezaugarriak ezagutzeko tailer sentsorialekin, edo sandwich, crepe eta errezeta gustagarriak prestatuz, kozinatzeko era berriak erakutsiko dituzte, batzuetan ohituta gaudelako arraina beti modu batera jatera. Adin desberdinetako haurrei eta familiei zuzendutako tailerrak egongo dira.

«Mater» eta Albaola

Alkateak jakinarazi duenez, bi helburu ditu azokak. Lehena arrantza mundua eta kultura zabaltzea da. «Horretaz Bermeok badaki eta badauka zer erakutsi». Adibidez, egunero Kofradia Zaharraren aurrean atrakatuta egongo den “Mater” itsasontzia bisitatu eta itsas ondarea ezagutzen ahalko da. “Mater” ondarea berreskuratzearen adibide aparta da. Jada ez da arrantzara ateratzen; orain, nola arrantzatzen zuen erakusten du.

Pasaiako Albaola Itsas Kultur Faktorian “San Joan” baleontzia eraikitzen ari diren arotzak ere izango dituzte bisitari. Egituraren pieza bat eskuz landuko dute, XVI. mendean egiten zen modu berean.

Bigarren xedea herriko kontserba industria ezagutaraztea da. Denek antolatzen dute azoka lehendabiziko ediziotik. 125 urte bete dituen Serrats enpresak jasoko du gaur Hegaluze Saria. Hala, lana eta ibilbidea aitortu nahi diote, baita garai berrietara egokitu izana ere. 1880an Bermeon lehen fabrika sortu zuen portutik ehun metrora eta orain Landabaso industrialdean dago kokatuta Serrats familiaren bosgarren belaunaldiaren lantokia.

Jai handi bat ere bada azoka, batez ere larunbatean, kultur talde ugari inplikatzen baita. Hiru egunetan dena lotzen da, beraz, jaia, kultura eta kontserba lantegiak.

Arrantzak, zentzu zabalenean hartuta (baxura, atunontziak, kontserba enpresak, ontziola, motor enpresa eta itsasoaren inguruan sortzen diren lanpostu guztiak), pisu handia du Bizkaiko herri honetan, ekonomian, jendartean, kulturan zein hizkeran. Hala, Kalinpan Bermeoko euskararen sinboloa jaian ibiliko da. Euskararen erabilera handitzea xede duen maskotak bertan ospatuko du bosgarren urtebetetzea, panpina berrituta.

Bisitarientzat hitzordu erakargarria da. Esate baterako, arrain salmenta nola egiten den deskubrituko dute Kofradia Zaharrean. «Urtero jende asko etortzen da kanpotik –dio Bidegurenek–, eta gu pozik. Horri esker dago osasuntsu azoka».

Urtero hobetu nahian

Alkateak azaldu duenez, behin sendotasun bat lortzean zaila izaten da urrunago joatea, baina eustea ere bai, eta urtero saiatzen dira bermeotarrak gogoeta egiten eta zer berri eskain dezaketen beren buruari galdetzen. Herritarren artean jaia segurua da, baina azoka bera arrakastatsua izan dadin ahalegintzen dira. Salmenta aldetik ere garrantzitsuak dira egun hauek.

Hogei erakustoki eta egitarau zabal-zabala egongo dira; denetarik eskainiko dute gustu eta adin desberdinetako jendea asetzeko. Bihar gauean ez dira faltako bermeotarrek hain maite dituzten habanerak. Hegaluze itsasontziko irtenaldiak ere aukera ederra izan daitezke. Elantxobera aterako dira gaur eta igandean 12.00etan eta larunbatean 12.00etan eta 17.00etan; eta Gaztelugatxera larunbatean 13.15ean eta 18.00etan. Nobedade bezala, kontserba enpresen produktu sortak dastatu eta erosten ahalko dira.