Loinatzetako Mozorro Egunak gero eta indar handiagoa dauka
Kuadrilla baten ideia izan omen zen festetan mozorrotuta kalera ateratzea. Harrezkero, gero eta jende gehiagok prestatzen ditu jantzi bereziak. Izan ere, azken hamarkadan bereziki arrakastatsua bilakatu den ospakizuna da eta beasaindarrentzat egun kuttuna da.

Inauteriak izan ohi dira kalera mozorrotuta ateratzeko egunak, baina Goierriko herrietan festetan egiten dute ospakizun hori. Otsail-martxoko hotzak alde batera utzita errazagoa da mozorroez gozatzea udaberriko epeltasunarekin. Izan ere, Beasaingo Loinatz jaietan Mozorro Eguna bereziki polita izaten da herritarrentzat.
Garbiñe Zurutuza Kultura zinegotziak berak ere parte hartzen du, aurten maiatzaren 23an ospatuko den festa honetan. «Egitarau aldetik libreen uzten dugun eguna da, ez da udaletxeak antolatutako desfile bat. Bakoitza bere kuadrillarekin edo familiarekin mozorrotzen da, eta herrian jai giroa egoten da. Jende askok karrozak egiten ditu eta egun pasa ateratzen da», azaldu zuen.
Honen arabera, egunean zehar herriko jendeak ospatzen ditu festak eta gauean kanpoko jendea iristen da. Agian horregatik, egunez herritarrek euren artean ondo pasatzen dutelako, da hain berezia festa hau. Gainera, adin guztietako lagunek hartzen dute parte: «Denetarik egoten da, guztiak mozorrotzen gara, ume eta helduak. Urtez urte indarra hartzen joan den jaia izan da. Lehen jende gutxiago mozorrotzen zen, baina orain ia guztiak ateratzen gara. Azken hamarkadan hasi da indarra hartzen», aipatu zuen zinegotziak.
Bere esanetan, herrian badago lagun kuadrilla bat «nahiko enblematikoa» dena. Horiek hasi ziren mozorroak egiten eta pixkanaka jendea animatzen. «Batzuek sekulako lanak hartzen dituzte; beste batzuk dendara goaz eta mozorroa erosten dugu», aitortu zuen Zurutuzak.
Eguna iritsi bitartean...
Mozorro Eguna iristeko oraindik astebete falta da, baina festak gaur hasiko dira eta ekitaldiz beteriko egunak dituzte aurretik beasaindarrek. Adibidez, gaur gauean herriko zenbait talde (Iruzkin Barik, Muxutruk, Workout, Northerm eta The Sinners) arituko dira Bideluze plazan, 23.00etatik aurrera. Bihar Gazte Eguna ospatuko dute eta horregatik 14.30ean bazkaria egingo dute Txosna Batzordeak antolatuta. Ondoren elektrotxaranga aterako da. Gauean disko-festa (22.00) izango da Gernika pasealekuko pilotalekuan eta Nonahi taldearen dantzaldia (23.00) Loinazko San Martin plazan. En Tol Sarmiento eta Kaotiko taldeak, berriz, Bideluzen izango dira (23.00).
Astelehenean, Lagun Kuadrillen Eguna ospatuko dute, eta hori dela-eta, lagun taldeen arteko futbol txapelketa egingo dute, baita kuadrillen bilkura eta txarangekin jaitsiera ere. Horrez gain, herri olinpiadak antolatu dituzte.
Hurrengo ostiralean, hilaren 22an, kantujiraren ostean (19.30) herriko beste talde batzuk arituko dira Bideluzen: Ladislao, Sukarra 37 eta Garbbage City Rockers.

De la lucha anti-ETA a la UCO, un camino muy transitado

Grandes corporaciones han acogido a agentes de las «cloacas del Estado»

La marcha de Tubilla destapa la enorme marejada en las filas del PNV

Ordenaron parar citas con casos de Iztieta y hubo peticiones de silencio
