Amalur ARTOLA
TOLOSA

Altzoko Handiaren istorioa, opera bihurtuta oholtzara

Miguel Joaquin Eleizegi 2,42 metroko garaiera izatera iritsi zen altzotar ezagunaren bizitza eta pasadizoak oholtzara eramango dituzte ikuskizun berezi batean. «Altzoko Haundia» haur-operan txotxongiloek, antzerkiak eta musikak egingo dute bat.

Donostia 2016ko kultur zuzendari Xabier Payaren hitzetan, tradizioa eta modernotasuna eskutik hartuta datoz “Altzoko Haundia” haur-operan eta, gainera, proiektuaren atzean dagoen lantaldea ikusita, «partida irabazteko jokalari ezin hobeak» ditu. Grina horrekin aurkeztu zuen Topic-ekin elkarlanean eta Barakaldo Antzokiaren laguntzaz osatu duten haur-opera.

Lanak Miguel Joaquin Eleizegiren bizitza du ardatz. 1818an jaiotako altzotarrak gigantismoa zuen eta 2,42 metroko garaiera eta 203 kiloko pisua izatera iritsi zen. XIX. mendeko Europa hartan halako errealitateak zirkuarekin lotzen ziren eta, hala, Eleizegik interesa piztu eta Europan zehar egin zuen ibilbidean hainbat errege-erreginaren aurretik pasatu zen.

Eleizegiren gaineko idatzietan bere izaera adeitsua azpimarratu izan da, baita tristezia ere: bere burua «naturaren munstro» gisa definitzera iristeraino. Altzoko Handia goitizenez ezagututako gizona gazterik hil zen, 43 urte zituela, eta jaioterri zuen Altzon hilobiratu bazuten ere, bere hezurrak lapurtu egin zituzten. Zehaztasunik ez badago ere, Ingalaterrako museoren batean daudela uste da.

Obra honekin giza balioak landu nahi dituzte sortzaileek. Payaren hitzetan, haurren eta familien artean «aniztasunarekiko errespetua eta kultur ondarearen berreskurapena sustatzea» da helburua.

Puntako lantaldea

Obra irailaren 26an estreinatuko dute nazioarteko txotxongilo jaialdi garrantzitsuena den Charleville-Mézières-eko (Estatu frantsesa) Txotxongiloen Munduko Jaialdian. Aldez aurretik, ordea, aurrestreinaldia egingo dute, irailaren 12an, Tolosako Topic-en. Estreinaldia aipatu jaialdian egiteagatik pozarren azaldu zen Paya, «horrenbeste pertsonalitate hartzen dituen jaialdi batean estreinatzea beti baita luxua», baita atzean dagoen lantaldeagatik ere.

Izan ere, libretoa Koldo Izagirrek idatzi du, musika David Azurzarena da eta txotxongiloak Nestor Basterretxeak diseinatu zituen hil aurretik. «Beti erakutsi zuen proiektuarekiko interesa eta laguntzeko prestutasuna. Pertsona benetan eskuzabala zen», ekarri zuen gogora operaren aurkezpen ekitaldian Topic-eko zuzendari Idoya Oteguik. Txotxongiloak egiteaz, gainera, bere senideak arduratu direla nabarmendu zuen.

Ikuskizuna zuzentzen Emmanuel Marquez mexikarra dabil eta, haren hitzetan, elementu plastikoak modernitatea islatzeak berebiziko garrantzia izan du: «Istorioaren tradizionaltasunari lengoaia bisual garaikidea erantsi nahi izan diogu. Haurren ikuskizunetan txepelkeriara eta sinpletasunera jo ohi da eta horri ihes egin nahi izan diogu; zorionekoak gara, Nestorren diseinuari esker lengoaia garaikideari obra bisual modernoaz lagundu ahal diogulako».

Taula gainean La Enana Naranjako kideak, Orfeoi Txikia, hainbat musikari eta hiru bakarlari (Maite Arruabarrena mezzosopranoa, David Azurza tenorea eta Jagoba Fadrique baxua) ariko dira, azken hirurak maskara banarekin. Estreinaldian eta lehen saioetan Orfeoi Txikiak parte hartuko badu ere, asmoa opera eskaintzen den herrietako saioetan tokiko haur koroek parte hartzea da. Marquezen hitzetan, horrek «balio erantsia» emango dio obrari. Pertsona gorrentzat egokitua izango dela ere iragarri zuten.

Altzoko Handiaren garaiera irudikatzeko, emanaldiaren hasieran 10 zentimetroko garaiera duen txotxongiloa erabiliko dutela iragarri zuen Marquezek eta, ikuskizunak aurrera egin ahala, pertsonaia nagusia irudikatzen duten txotxongiloak handiagoak izango dira, 2,42 metroko txotxongilo erraldoira iritsi arte: «Ikaragarria da, hura maneiatzeko ia lantalde osoaren beharra dugu», ziurtatu zuen Marquezek.

Emanaldia euskaraz sortu dute eta euskaraz emango dute Euskal Herrian, baina estreinaldiaren ostean Mexikon bira egingo dute eta horretarako gaztelaniazko bertsio egokitua ere osatu dute, Koldo Izagirreren eskutik.