Andoni TOLOSA «MORAU»
Musikaria

Plazera

Mistol eta espontexarekin garbitu berri dut binilo andana bat. Sukaldeko askan jarri, diskoa paperezko fundatik atera, eta ahalik eta maitekiroen, ez baita erraza, urte askotako zikinkeria kentzen saiatu naiz. Hauxe izaten ari da musikaren inguruko nire ariketarik plazenteroena azkenaldian. Diskoa atera, xaboiarekin igurtzi, ur txorrotaren azpian jarri, lehortzen utzi, zapi batekin txukundu eta berriro jaso bere zorro koloretsuan, gero entzuteko, lege zaharrean, ahalik eta lasaien jarrita.

Guztia, ohi bezala, kasualitate batekin hasi zen. Pipiak janda zeudela-eta, etxeko arsenal musikala (milaka ale batzuk), nola edo ahala biltzen zituzten armairu eta apalak aldatu behar genituen. Orduan erreparatu nuen aspaldi bazter utzitako binilo bilduman. Hantxe zeuden, eskuren batek ez zituela ukitzen, lozorroan. Halako zirrara eragin zidan disko horiek garraiatzeko kutxetan banan-banan sartzeak, banan-banan ikusteak, banan-banan ukitzeak, lurrikara txiki bat gertatu zela ene musikazaletasunean.

Eta hemen nabil, ordubetean nahi adina disko, Rollings Stonesen diskografia osoa adibidez, eskuratu ditzakezun honetan, musika disfrutatzeko artisau-moduari etekina ateratzen. Garbitu, laztandu eta entzun. Eta geroko guztiak, alde bat bukatzen denean altxatu eta bestea jarri, orratza (maizegi) hautsak hartzen duenean pintzel batekin garbitu, alkohol potoa eta zapi berezia beti aldean ditudala. Egia ote da plazer gehiago eragiten digula kostata lortzen dugunak? Apaiz babuak!