Floren Aoiz
@elomendia
JO PUNTUA

Asiron eta Bertiz Zaharraren poza

Ezustekorik ez badago, Nafarroako ibilbide historikoaz asko dakien Asiron izendatuko dute Iruñeko alkate. Badakizue nik ere pasioa dudala historiaz, hainbat ikerketa urte eman dizkiodalarik. Ezagutza eskuratu eta idazkien bidez zabaltzeaz gain, iraganaren inguruko lehietan gogotik parte hartzeko asmoz egin dut eta halako saltsa batean ezagutu nuen Joseba Asiron.

Herriz herri ibili ginen 1512ko konkistaren urteurrena zela eta, bertsio ofiziala egurtuz eta garai hartako injustiziak lau haizetara zabaldu nahian. Hura hagitz polita izan zen, jende aunitzekin hitz egin eta elkarlanean aritzeko parada izan genuelako. Batzuek historian murgilduta geundela esaten zuten, eta guk irri egiten genuen, historia egiteko gogoak mugiarazten gintuelako, ez nostalgiak.

Gaurtik aurrera Asironek ez du izanen historiari erreparatzeko aukera askorik. Baina, jada atzeman denez, etorkizunari aurre egiteko orduan, izugarrizko oinarriak dira historia ongi ezagutzea eta oroimenaren inguruko jarrera konprometitua hartu izana. Nondik gatozen, nondik eraman nahi izan gaituzten eta nora joan nahi dugun jakiteko. Inposatu nahi izan diguten gidoia baztertu eta geurea denon artean idazteko.

Ez da iraganari begira jartzeko garaia. Oso zaila eta oso gogorra izan da irekitako bideak zabaltzea eta izugarriak dira gure aitzin ikusten ditugun erronkak, aukerak inoiz baino zabalagoak direlarik.

Baina nork bere filiak eta fobiak ditu, eta nik, oraingo honetan ere, 1521ean espainiar konkistatzaileen aurka matxinatu ziren iruindarrak, bereziki heriotza zigorra jaso zuen Bertiz Zaharra ekarri nahi ditut gogora. Bizirik dago Iruñean matxinadaren izpiritua eta hiltzeko egin duten guzia aintzat hartuta, zorionekoa nafarroi hainbestetan leporatzen diguten buru gogorra!

Oso pozik zegoen Bertiz Zaharra matxinada egun horretan, espainiar soldaduek ihes eginda, hirian piztu zen bestan. Gaur ere dantza eginen luke, ez duzue uste?