Traineruak ere «Gure Esku» daude
Estropada ikusgarria jokatuko dute 30 bat ontzik bihar Lekeition. Lehen neurketa fidagarria TKEkoentzat, azken proba KAEkoentzat.

Lekeition jokatuko da bihar Gure Esku Dago-ren I. Bandera, 30 trainerutik gora hartuko dituen estropada ikusgarria. Ohitura bihurtu da traineru denboraldia ofizialki hasi aurretik Lekeition horrelako proba bat egitea, baina aurtengoan, kirol ikuskizun hutsaz gain, Gure Esku Dago ekimenari bultzada indartsua emateko balioko du gainera.
Estropada 11.00etan hasiko da eta azken orduko aldaketarik ez bada behintzat 31 ontzik hartuko dute parte: bost emakumezko eta 26 gizonezko. Parte-hartzaileen artean izango dira hurrengo elkarte hauek: Arkote, Arraun Lagunak, Bizkaia, Busturialdea, Deustu, Donostiarra, Getaria, Getxo, Hibaika, Hondarribia, Iberia, Isuntza, Kaiku, Lutxana, Mundaka, Ondarroa, Oiartzun, Orio, Portugalete, Raspas, Pasai Donibane, San Pedro, Santurtzi, Trintxerpe, Urdaibai, Zarautz, Zierbena eta Zumaia.
Lanean hasten lehenak emakumezkoak izango dira, erlojupeko formatuan. Ondoren gizonezkoen aurreneko 14 ontziak irtengo dira, hauek ere erlojuaren aurka. Eta azkenik 12 traineru onentsuenen txanda izango da, lauko hiru txandatan arraun eginez. Zatiketa iazko ligen sailkapenak kontuan hartuta egin dute antolatzaileek.
Amaieran, 12.30 aldera, kalejira antolatu dute kaitik Independentzia plazaraino zale guztiak batera joan daitezen eta bertan ahal bezain laster sari banaketa ekitaldiari ekiteko.
Azken probak egiten
Traineru denboraldia hastear da eta talde guztiak buru-belarri dabiltza ontziei azken ukituak ematen. San Miguel Ligako taldeei dagokienez, denbora apur bat gehiago dute, aurreneko estropada puntuagarria hilaren 28an jokatuko baita Malagan. Hala ere, oso interesgarria izango da lehen mailako zortzi euskal ontziak –Urdaibai, Hondarribia, Orio, Kaiku, Pasai Donibane, Portugalete, Zierbena eta San Pedro– lehian ikustea.
Aurreko igandean, Mutrikun, Hondarribiak erakustaldi ederra eman zuen, eta San Pedro ere oso itxura onean aritu zen. Oraingo honetan, ordea, bizkaitarrak alboan izango dituzte eta pentsatzekoa da San Juan ere azkarrago ibil daitekeela, aurreko astean Espainiako Trainerilla Txapelketan zituelako bere arraunlari onenetako zenbait.
Maila bat beheragoko ontziek, KAE Ligakoak, azken aukera dute Lekeitiokoa probak egiteko, lehiaketa datorren asteburuan bertan hasiko baita Zarautzen, larunbat eta igande. Mutrikun ikusitakoaren arabera Getaria eta Isuntza oso indartsu daude une honetan, baina ziur besteek ere gorakada txiki bat egiteko asmoa dutela.
Babesaren garrantzia
Uretan bakarrik ez, bulegoetan ere lanean dabiltza arraun elkarte desberdinak ahalik eta babes handiena lortzeko helburuarekin. Atzo, esaterako, Donostiarrak bere bazkide kanpaina originala aurkeztu zuen, Super Amara dendarekin elkarlanean, eta Hondarribiak NT2 Neumaticos konpainiarekin lortutako akordioa aurkeztu zuen.

La marcha de Tubilla destapa la enorme marejada en las filas del PNV

Grandes corporaciones han acogido a agentes de las «cloacas del Estado»

Ordenaron parar citas con casos de Iztieta y hubo peticiones de silencio

De la lucha anti-ETA a la UCO, un camino muy transitado
