Joan-etorriko txartela, harakoa
Ohikoa baino luzeagoa da gaur prentsari emandako denbora, hain da luzea gure udalen zerrenda! Total, bileraz bilera joan da astea. Gauza bat dela, bestea dela, bilerak edonon. Eta zenbakiak ardatz. Horra! G7koak goi-bileran bildu dira Bavarian, bildu eta batu, bat eta bakarra, munduaren kloaketan jitoan den luxuzko paterarik handienean lemazain. Atlantikoz gaineko tratatu ezkutuen ilunean. Hau kolpea!
Lehen G8 ziren, orain G7, nonbaiteko krisiak eragindako murrizketa kontua, itxuraz. Lehengo G8 oraingo G7 eta G1 bihurtu da. Himalaiako tontorren izendegi berria dirudi. Batek daki zer gertatuko den G20 horrekin! Hango edo horko krisiek esango. G horrek zer adierazten duen, nork berea. Baten batek Puntu hitzeko G dela pentsatuko du. Nago ni, ostera, Gabe dela, ganoragabe esate aldera; gaur-gaurkoz mundua gobernatzen duen ganoragabekeria antolatua.
Eta ganoragabe denaren antipodetan ganora, edo sena. Sena ibaiaren ondoan izan dute bakeaz aritzeko aukera. Kalean ematen ez duenean ere sukaldean zerbait mugitzen ari den seinale. Azken batean, sukaldea beti izan da etxearen bilgune. Hortaz, presaren antsietatea logelan utzi eta etenik gabeko martxa sukaldera, poliki eta politikoki. Sena iparreko hiriburu hartan, baina kontuan hartuta hegoko hartatik pasatzen den ibaiaren izena, bai zera! Bakeaz galdetu eta sagarrak dakartzagu erantzun! Ibaia edo ur-kolektorea, hortxe aldea.
Bada bai, atzo suspense eguna udaletan, txaloak eta txistuak, haizearen arabera. Batzuek iraganeko politika erak suspertu nahirik, beste batzuek etorkizuneko era berriak asmatu eta gauzatu gurarik. Maletak egiteko garaia ere, udalerako txartela joan-etorrikoa baita, zorionez. Heldu direnentzat erronka, bihotza baino gehiago burua bidaide, norberaren bizitzan pasabide, eta gozabide, izan beharko lukeen udal eremuan.

Sufrimenduaren zikloa ixteko etxeratzea, gazteenen eskaria

Bilbo se moja por el fin de la «injusta legislación de excepción» carcelaria

«El algoritmo se ha erigido en una arma de guerra»

A Xabi Alonso y al Real Madrid se les rompió el amor de tanto usarlo
