Ariane KAMIO
DONOSTIA

«Krokodiloa ohe azpian», Mariasun Landaren liburu saritua berrargitaratu dute

Espainiako Haur eta Gazte Literaturako Sari Nazionala jaso zuen 2003an idazle errenteriarraren liburuak. Hitzaurre eta epilogo berria ditu orain Ereinek berrargitaratu duen lanak.

Lehenengo aldia da Mariasun Landaren liburu bat, euskaraz idatzitakoa, berrargitaratzen dela. Hamaika hizkuntzatara itzulia izan da bere obra eta Euskal Herrian irakurrienen artean da. “Krokodiloa ohe azpian” bera ere ez da salbuespena. Bidean sari ugari jasotakoa da: 2002an Antonio Maria Labaien saria, eta, 2006an, IBBYren Ohorezko Zerrendan sartua izan zen. Bi horien artean, 2003an hain zuzen, jaso zuen Espainiako Haur eta Gazte Literaturako Sari Nazionala.

Mari Jose Olaziregi izan zen urte hartan Landaren lana Madrilgo epaimahaiaren aurrean defendatu zuena. «Eztabaida oso interesgarriak sortu ziren epaimahaikideen artean. Etengabeko laudoriotan hasi ginen, eta, bozketa iritsi zenean, guztia egina zegoen. Ez da normalean gertatzen dena. Baina meritua beti da liburuarena eta ez defendatzera doan kritikariarena», adierazi zuen Donostian egindako aurkezpenean.

«Krokokritikari» bihurtu da orain Olaziregi, Ereinek berrargitaratu duen alean. Berea du hitzaurrea eta berak ematen dio hasiera Antton Olariagak ilustratu duen argitalpen berriari.

Testua bere horretan mantendu du Mariasun Landak; berrikuntza bakarrak Olaziregiren hitzaurrea eta idazleak berak idatzitako epilogoa dira, “Krokodiloaren irribarrea” goiburua erantsi diona. «Berrargitalpenak behartzen du idazlea bere testua berriro irakurtzera. Ez nuke ezer aldatuko, baina horrek dakarrena da inoiz bizi izandako etxebizitza edo auzo batera itzultzean sentitzen duzuna bizitzea», esan zuen. Eta hortik epilogoa idazteko beharraren sorburua.

Liburua bera, hasieratik, berarentzat ere abentura bat izan zela ohartarazi zuen. Tolosako sariketara ozta-ozta aurkeztu zen, kartazala ate azpitik sartuta. Eta Espainiako Sari Nazionala jasotzera Malagara abiatzear zela, bezperan, kartera lapurtu zioten Donostiako jatetxe batetik atera zenean. “Egunkaria”-ren itxiera urtea ere izan zen, gogoratu zuenez. «Berri on bat sikiera sariarena!», esan zuen.

Garai hartakoak gogora ekartzeak sortutako nahiak eraman zuen epilogoa idaztera. «Krokodiloa sugandila bilakatzen da batzuetan, eta horrek zalantzak sortzen zizkidan. Izan ere, gugan dagoen krokodiloa batzuetan lokartuta, edo sugandila moduan, bizi da, baina, beste batzuetan, esnatu eta bere horretan jarraitzen duela ohartzen gara», nabarmendu zuen.

Landak omenaldia jasoko du datorren uztailaren 9an Etxepare Euskal Institutuak egingo duen ikastaroan. Goizean bere lana aztertuko da, eta, arratsaldean, irakurraldi bat egingo da Donostian.