GARA
DONOSTIA

LGTB egunaren atarian, «arauak» ez obeditzera deitu du Bilgune Feministak

Igande honetan izango den LGTB Sexu Askapenaren Nazioarteko Egunaren harira, Bilgune Feministak antolatu diren ekitaldietan parte hartzera deitu du jendartea.

Obedientziaren bidez, emakumeei sexualitatearen eta gorputzen kontrola ezarri izana salatu dute, «monogamia, familia eredu patriarkalak, estigma eta maitasun erromantikoa» bezalako «arauen» bidez.

Elkartearen aburuz, gero eta gehiago dira «ez obeditu eta heteroaraua plazerez lehertzeko hautua egiten duten emakumeak»: guraso bakarrak, lesbianak, bi guraso baino gehiagoko haurrak, harreman poligamiakoak dituztenak…

Ezarritako ereduari men ez egitea erabaki dutenek ohartarazi dute ez obeditzeagatik «erasoak leku desberdinetatik» heltzen zaizkiela. Hala, «Euskal Herrian gertaturiko kaleko eraso homofobo ugari» salatu dituzte, baita «Espainiako Gobernu ultraeskuindarrak krisiaren aitzakiapean egindako erreformak eta bultzatutako neurriak» ere.

Hor kokatzen dituzte, besteak beste, Familia Plana, osasungintzan transexualen sexu operazioetan emaniko murrizketak edota lesbianei zuzendutako lagunduriko ugalketa teknologien zerbitzu publikoetan izandako murrizketak.

Araua bera deslegitimatu

«Hortaz, sexualitateari, plazerari, dimentsio politikoa emateko saiakera erabatekoa izan dadin segi behar dugu», animatu du Bilgune Feministak. Diotenez, ez dituzte praktika lesbianak arauaren barnean sartu nahi, araua bera deslegitimatu baizik. Horregatik, praktika aniztasuna errealitatea bat dela ohartarazi eta denak erdigunean gaudela aldarrikatzen jarraituko dute.