«Aatea», Arbizun indarrak berrituz igandera arteko jaiei eusteko modu aparta
Luzeak eta ekitaldiz jositakoak dira Arbizuko jaiak. Bertakoek ongi baino hobeto dakite indarrak berritu beharra izaten dela eta horretarako tresna ezin hobea dute: «Aatea».

Suziria piztuz hasi zituzten atzo Arbizuko jaiak, igandera arteko bidea egingo dutenak. Ia astebetean izango dira parrandan arbizuarrak, eta horretarako ezinbestekoa da indarrak berritzea. Ederki asko dakite hori Sakanako herri honetan eta sabela betetzeko sistema ezin hobea asmatu dute, «aatea», alegia.
Festek irauten duten bitartean, egunero hamaiketako berezi hori izango dute udaletxe aurrean. Eta gauza bera arratsaldeko 20.00ak aldera, gaua ongi hasteko. Egun bakoitzean herriko talde edo elkarte batek hartzen du guztientzako otordua prestatzeko lana. Gaur Alda Bideren txanda da eta bihar, Argi Bidearena. Ostiralean Zotolak hartuko du lan hori; larunbatean, Herrirak; eta igandean, erretiratuek.
Gaur San Joan eguna ospatuko dute eta dianak pasa ondoren, San Joan ermitara igoko dira arbizuarrak. Han, meza izango dute eguerdian, eta ordubetera aatea izango dute berriz. Ondoren, kartel eta balkoi lehiaketetako sarien banaketa eta musika izango dira. 17.00etan, talo tailerra hasiko da eta, 18.30ean, playback txapelketa eta hip hop erakustaldia. Bigarren aatearen ondoren, dantzaldia izango da Joselu Anaiak taldearekin eta herriko emakumeek afaria izango dute Baxerri erretegian.
Gazte Eguna ospatuko dute bihar. Goizean pilota partiden finalak izango dituzte. Eguerdian, berriz, preso eta iheslarien aldeko argazkia aterako dute eta, 15.00etan, gazte bazkaria izango da. Arratsaldean, haur jolasak, piñatak eta izozkiak izango dituzte, elektrotxarangaren emanaldia hasi aurretik. Herri kirolak eta helduen ginkanaren bigarren proba izango dira aatea baino lehen, eta gauean, Talco eta Guda Dantza taldeen kontzertuak.
Preso eta iheslarien eguna eta kintoen eguna izango da ostiralekoa. Kintoek eskea egingo dute goizean eta eguerdi aldean triki-bertso bermuta izango. Ondoren, tortilla txapelketa (etxetik eraman behar da) eta arratsaldean piper-opilen tailerra. Ondoren, helduen ginkanako proba nagusia. Arratsaldeko zazpietatik gaueko hamarretara herriko musikariak arituko dira, 20.00etan kontzentraziorako etena eginda. Gauean, ginkanaren jarraipena eta zumba izango dute.
Larunbatean erretiratuen eguna izango da, goizean zorri azoka antolatu dute. Eguerdian, altxorraren bila arituko dira eta 12.30ean helduenei oroigarriak emango dizkiete. Gero, luntxa, Ostolaza eta Narbaiza trikitilariekin. 4X4, truk txapelketa eta Bordetxe abere zirkua izango dituzte. Gauean, dantzaldia Tximeleta taldearekin.
Igandean, haurren egunarekin amaituko dituzte aurtengo Arbizuko jaiak.

De la lucha anti-ETA a la UCO, un camino muy transitado

Grandes corporaciones han acogido a agentes de las «cloacas del Estado»

La marcha de Tubilla destapa la enorme marejada en las filas del PNV

Ordenaron parar citas con casos de Iztieta y hubo peticiones de silencio
