Arantxa MANTEROLA
BAIONA

Herritarren parte hartzea sustatzeko tresna berritzailea abian da Baionan

Hiriko kudeaketan parte hartzeko herritarrei aukera gehiago ematearren, Elkarrizketa Herritarraren Batzordea eratu dute, zozketaz hautatutako 10 herritarrez eta 10 hautetsiz osatua. Proiektu garrantzitsuen inguruan ahalik eta adostasun zabalena erdiestea du helburu.

«Ez da gauza berria, demokrazia parte hartzailearen haritik badira urteak Herriko Etxean hainbat ekimen egin direla», gogoraraziz abiatu zuen Jean-Rene Etchegaray auzapezak batzorde berriaren aurkezpena. Alta, herritarren parte hartzea eta engaiamendua sustatzeko filosofia bertsua izaki ere, egiteko moldeetan, osaketan eta lotu zaizkion zereginetan bada berrikuntzarik.

Nagusia, segur aski, herritar horiek hautatzeko modua izan da. Izan ere, Lapurdiko hiriburuko hauteskunde-zerrenda osatzen duten 30.000 herritarren artean zozketa bidez aukeratuak izan dira irizpide batzuk jarraiturik, gizon-emakumeen arteko parekidetasuna eta adin esparru guztietakoak izatea, esaterako.

«Beraiekin harremanetan jarrita, lehenik harriduraz hartu zuten proposamena, baina helburua azaldu ostean prest agertu dira ekimenean parte hartzeko», adierazi zuen Florence Destin Elkarrizketa Hiritarrerako zinegotziak. Auzapezak bi urteko engaiamendua eskatu die «hautetsien eta herritarren artean dagoen amildegia laburtu eta konfiantza eta harremana berreskuratzeko» esperimentua baikorra izango delakoan. Gainera, baionarren iritziak, kezkak eta nahiak ezagutzeko, tresna «oso baliagarria» izan daitekeen uste osoa du.

Destinek argi utzi zuen Batzordean parte hartuko duten hamar herritar horiek ez dutela baionarren iritzia ordezkatuko. «Helburua ez da beren aburura mugatzea, gauzatu nahi diren egitasmo edo proiektuak, edozein alorretakoak izanda ere, herritarren adostasun ahalik eta handienarekin egin daitezen erdiestea baizik. Batzorde honek adostasun hori bilatzeko modu egokienak prestatuko ditu», gaineratu zuen.

10 herritar, 10 hautetsi

Hamar herritarrez gain, esparru desberdinez arduratzen diren beste hamar zinegotzi izendatu dituzte batzorde horretarako. «Planteatuko diren gai edo proiektuetan beste norbaiten beharra ikusten bada, dei egingo zaio, jakina. Zeren, jakin behar da funtzionatzeko irizpide hau orokorra eta transbertsala dela, hau da, Udalaren gain dauden eskumen guztietan txertatuko dugula. Are, batzorde honek mahai gainean jarriko dituen egitasmoetan herritarren parte hartzea bermatzeko beharrezko izango diren baliabideei sail bakoitzak egingo die aurre dagokion aurrekontutik», zehaztu zuen Destinek.

Aurkezpenean, batzordean parte hartuko duten hainbat herritarrek zergatik engaiatu diren azaldu zuten. Hala, Habas auzoko Sandra Perezek «kontzeptu interesgarria eta berritzailea» dela irizten dio. Thierry Boscqek, berriz, «hauteskundeez aparte behingoz kontsultatuak izateko aukera eman digutenez», erronkari eutsiko diotela esan zuen. Gerard Latche 68 urteko erretiratua ere gogotsu azaldu zen: «Beterenaoena naiz eta urteak dira Baionan bizi naizela. Nire hiria hobetzeko ekarpena egin dezakedala uste dut».